Astekoa

Kultura ala ekonomia?

Kultura gizarte baten bizimoduaren parte da; kultura gizakiok egiten dugu, gure identitatearen zati garrantzitsua den heinean. Kulturak heterogenotasuna ekarri beharko luke bere baitan, gizarteko talde desberdinei lotuta egon, identitate desberdinei, beste kultura batzuekin etengabeko harremanean egon...
Egun, kultura begirada ekonomiko batetik ikusten eta kudeatzen dela esan daiteke; hots, kultura merkantilizatu egin da; hau da, kulturaren merkatu handi bat sortu da etekin ekonomikoa duena helburu. Izan ere, ekonomikoki errentagarria bada, orduan kultura da.

Beraz, gerta daiteke, kulturaren zenbait esparru edota komunitate osoa bera, errentagarriak ez izatea; ondorioz, kultura minoritarioak sortzen dira, merkatutik at geratzen dira. Garrantzia eta indarra galtzen dute. Era berean, merkatu ekonomia horrek sortu duen kultura, beste eremu prekario batzuk estaltzeko erabiltzen da.

Kultura heterogeneoa izango balitz, gizarteko talde desberdinei loturik dagoen zerbait izango balitz, ez litzateke horrela gertatuko. Manuel Delgadok dioen bezala, "la cultura es lo que gestionan los gestores culturales".

Baina, benetan al da kultura museo batean dagoen bizikleta bat, baina ez etxean dagoen aitonaren bizikleta zaharra? Ez, kultura ez da soilik museo bat, eskultura bat, opera bat, antzerki bat... kultura esan bezala inguratzen gaituen oro da, eta hori ezin da merkantilizatu. Eman diezaiogun prestigioa gure herriari, bertako biztanleei, ohiturei, jaiei, jende zaharren kontaketei...