Jaiotzean, begiratzen ikasi baino lehen, gauzen jario amaigabean murgiltzen gara. Gauza denek eskatzen dute gure arreta eta edozeren atzetik joaten zaizkigu begiak. Harritzen gaituen lehenengo gauza zera da: zerbait begiratzeko gainontzeko guztia abandonatu beharra, eta erabaki intuitibo horretan gure memoria hazten sumatzeak. Beranduago, zalantza berak, paretaren bat ahaztearen beldurrak urduritzen gaitu museoetan, gure bidea hautatzeko orduan.
Eguneroko bizitzan, zenbait ispilu, ate, aulki eta katilurekin ohitzen gara, eta gero eta kasu txikiagoa egiten diegu. Baina gurekin daude beti, eta piztu eta itzaltzen dituzten keinu, begirada eta hitzekin barruan errotzen zaizkigu. Eta horrela koskortzean, kanpoko munduak bere gauza infinituekin erasotzen gaituenean, betirako ditugu gorderik gure lau paretak, eta bazkalostean berotzen gintuen sutondoa.
Eta hala ere, gehiegi eskatzen digu kanpoko munduak, eta maiz ez dakigu nola erantzun oldartzen zaizkigun estimulu etengabe, arrotz eta aldakorrei. Horregatik ixten ditugu begiak eta gure barne itxian bilatzen dugu babesa. Hortik aurrera, gerturatzen zaizkigun gauza denen artean, gutxi onartzen ditugu, eta bakardade estu batean murgiltzen goaz pixkanaka, kanpoko guztia, gris eta xehetasunik gabe mantentzen dugularik gure begi itzalietan.
Eta ados nago, noski, hiriak gehiegizkoak dira, baina badituzte eguzkiari abegi egiteko enparantzak, eta itsasorantz makurtzen diren kaleak. Hauek ikusten ez baditugu, gure begietan dago akatsa.
Eta baliteke, horrela bizirauten gaudela, lagunduko gaituen norbait hurbiltzea. Begi biziak eta hainbat marrazki ekarriko ditu eskuetan, eta hitz eta memoriaren laguntzaz hornituko dizkigu paisaiak. Susmo bezala helduko zaigu orduan haurtzaroan ezagutzen genuen edertasunaren isla. Bihotzean begiak dituenaren begiradak gurea esnatuko du, eta sentimenekin jantziko ditugu orduan kaleak, oraindik artearen balioa ulertzen ez dutenen begiak pizteko esperantzarekin.