Maitasun erromantikoaren egun seinalatuaren taupada hotsen burrunbarekin eta “Cincuenta sombras más oscuras” pelikularen estreinaldi “interesatuaren” bueltan, nor ez ote da nazka-nazka eginda gelditu?
Maitasunak, egun horietan, supermerkatu ezagun batek iragartzen duen “Tu y yo gorringodun” pastel melengaren moduko itxura hartzen du. Eskerrak maitasuna ulertzeko beste modu batzuk badirela, Chavela Vargasen inguruan Berlinalen aurkeztutako dokumentalak erakusten digun moduan.
Emakume feministek edo inguru feministetan dabiltzanek maitasunaz hausnartzeko eta eztabaidatzeko premia mahai gainean dute. Oraindik orain, maitasunaren izenean sufrimendua, menpekotasuna eta berdintasun eza antzematen delako. Berdintasunean oinarrituriko gizartearen alde ari direnak ez daude inposatutako eredua onartzeko prest. Kontsumoa, maitasun eredu bakarra eta erotismo jakin batzuk bultzatzen dituzten mezu-erasotzaile ideologiko horiek modu kritikoan begiratzeko, aztertzeko eta aurre egiteko eredu berriak, gakoak eta errekurtsoak eskaintzen ari dira. Erreparatu diezaiegun.
Aurretik bide luzea dugu, orain arteko maitasun eredua deseraiki eta berria eraikitzeko. Inork ez du lortzen, egun batetik bestera, bere burua deseraikitzea; gizarte eredua eraldatzea ere ez da xamurra. Unibertsitateko Arteko irakasle batek zioen moduan eraldaketak ez datoz egun batetik bestera; Erromanikoan lotaratu zirenak ez ziren hurrengo egunean Gotikoan esnatu. Baina, garbi izan, bezperan, apurka-apurka egindako aldaketa hariek guztiak egunsentiarekin batera antzemango zituztela (ditugula).