Egia ezkutuak

kolaboratzaileak

“Egi gutxi eta gezur asko” eta “Gezurra egiaren soinuan” esapideak askotan entzun ditut egunkariak erostera etortzen ziren bezeroen ahotik. Gezurren mundu horrek gurean eragiten du, baina beste toki batzuetan baino gutxiago. Eta ez gu besteak baino “jakintsuagoak” garelako, lerro artean egoten eta irakurtzen ikasi dugulako, hala beharrez.
Gezurra mila aldiz errepikatzearen bidez, gainera, egiaren zantzuak hartzen ditu, eta hori gertatzen da hainbat gaiekin. Dena den, ez dut gai sozial, ekonomiko, politiko, zientifiko… bakar bat ere aipatuko, guztiok baditugulako gertuko eta urrutiko hamaika adibide.
Badakigu albiste faltsuez baliatzea nahikoa dela edozer motatako esku-hartzeak justifikatzeko. Horregatik, zenbaitetan, albiste faltsuei edo faltsuak izan daitezkeenei nola aurre egin  “obsesio” bihurtu dugu, ez garelako fido. Tematze horrek, zenbaitetan, gezurrak hankaz gora jartzen lagundu digu. Beste zenbaitetan, aldiz, Aginagako izenez Frantziatik ekartzen digute albistea.
Gauzak horrela, eta nire lanbidearen ajeak edo deformazio profesionalak beti jartzen nauelako jendartean sortzen dena ulertzen ahalegintze-bidean, egia-ostea, post-egia edo Post-truth deitutako kontzeptura jo dut. Trumpen garaipenaren ondoren egin zen ezaguna hitz hori, errealitatean baino gehiago emozioetan oinarritutako gertaerak ulertzen laguntzen duelako.
Egia-ostearen sinonimoak dira albiste faltsuak. Horrela, iritzi publikoa mezu emozionalen eta norbanakoen usteen arabera egituratzen dute (digute), datu objektiboei edo gertaera frogatuei garrantzia eta pisu gutxi emanez. Hitz ponpoxoa duen hitz honek, itxuraz berria ematen badu ere, betiko propagandaren mekanismo nagusienetakoa erabiltzean datza, hau da, emozioak manipulatzea eta jendartearen sinesteak edo estereotipoak elikatzea eta zabaltzea.
Horregatik, komunikabide askok etengabeko nahaspila moduan aurkezten dizkigute edozein gertaera edo albiste, egia eta gezurra desberdintzea ia ezinezko bihurtuz. Denboran urrutira joan gabe era honetako albiste edo berri mordoxka bat aurki genezake; alezta, beyetz, baretz?