Komikigintza eta zinema betidanik egon dira lotuta. Zinemak eta komikiek hizkuntza bera partekatzen dute: narratiba bisuala ("hizkuntza zinematografikoa" esaten diote batzuek). Hizkuntza honen bitartez bi diziplinek ideiak, sentsazioak, sentimenduak transmititzen dizkigute. Irudien bitartez eta irudien bitartez besterik ez, inoiz kontatu den kondaira epikoena errealitate bihur dezakegu. Ikuslea zirraratu eta mila unibertso bisitatu besaulkitik mugitu gabe.
Honaino iritsi bazara badakit zein den zuen galdera: "Mikel, ze belar mota hartu duzu gaur gosaltzeko? Gehiegizkoa da. Zu zara aditua, baina komikiek ez dirudite hain zirraragarriak". Bada azalpen bat honentzat. Zinemak komikiak ez dauzkan osagai oso-oso boteretsu bi ditu: soinua eta mugimendua. Hala ere, komikiak badu zinemak ez duen beste elementu bat kontraeraso moduan: formatua. Inoiz egin den edozein pelikulak formatu bera izan du: laukizuzena. Komikiek, bestalde, portada laukizuzenak dituzte... Baina haren barruan diren orriek konposaketa ezberdinak dituzte eta ez dira 2 berdin egongo inoiz!! Ez dago mugarik, marraz edo idatz daitekeenik.
Hau irakurri ostean komiki eta zinemaren artean lehia dagoela pentsa genezake, baina ene iritzian guztiz kontrakoa da: Zinema eta komikia ez dira etsaiak, pintxopotea elkarrekin ospatzen duten kuadrillako bi lagun baizik. Super heroi komikirik ez balego ez genuke jakingo nor arraio den Batman. Japoniarrek komiki ospetsu, eta ez hain ospetsu guztiak marrazki bizidun bihurtzeko obsesioa ez balute, gaur egun Dragoi Bola ez luke gutako inork ezagutuko. Jodorowskyren Dune filma bertan behera utzi ez balitz, Jodorowsky berak ez zuen handik urte gutxira Incal komikia idatziko –bere hitzetan, film proiektuak porrot egitean, filmaren gidoia komiki bihurtuko zuela erabaki zuen–.
Herriko liburutegira joan eta komiki bat ikusten duzun hurrengoan, izan buruan hau. Eman aukera bat komikiari, interneten puntuazio baxua zuen pelikula harri eman zenion bezala.