Bazen garai bat non komikiak irakurtzeak ematen zidan zirrara ezin zuen ezerk berdindu. A ze poz handia komiki dendatik komiki berriekin etxera bueltatzea. Fresko freskoak. Inprentatik atera berriak. Liburu berriaren usain hordigarriak ez du parekorik, ez gaur ez bihar. Irakurtzeko egarriak jota, sofan patxadaz postura hartu eta komikietan murgiltzera noanean nire heroi kuttun berria datorkit burura: komiki saltzailea. Inoiz ezagutu dudan tiporik jatorrena. Jakintsua da eta aholkuak ematen ditu zer irakurri zalantzan nagoenean. Azken finean... hainbat eta hainbat komiki irakurri ditu, munduko guztiak ditu harrek eskura!
Denbora pasa zen eta gauzak ez ziren aldatu. Ene egarriak okerrera egin zuen, baina sendagaia eskasa zen. Gutxi gorabehera hilabetean behin besterik bisitatu nezakeen ene heroia. Itxaropena galdua nuenean ezagutu nuen berebiziko heroia (eta orduz gero betirako ene heroi kuttunena izango dena): liburutegiko liburuzaina. Heroi hau betidanik izan zen han. Aurretik nuen ezaguna, baina ez nuen inoiz erreparatu, ezta haren boterea ezagutu. "Tori, hilabete bat daukazu komikiak bueltatzeko" dio heroiak. "Lasai, makina. Bi aste barru, asko jota, bueltan izango naiz" pentsatzen dut nik komikiak eskuan hartuta.
Denbora asko pasa da eta gaur egun ene heroiak oso zaurituta daude. Garagardo izena duen birus ziztrin batek kalte handia egin die. Egarria, ordea, ez da baretu. Itxaropena akatuta zegoenean, azken heroiaren laguntza aurkitu nuen: Internet foroetako komikizalea. Heroia baino, anti-heroia dela esan genezake. Beti doa bere kontura eta kaotikoa da. Jende askok ez dio errespeturik partxe beltza eta egurrezko hanka daramalako beti soinean. Hala eta guztiz ere, haren altxorrak ez dauka mugarik. Ongi bilatuz gero, edozein komiki aurkitu dezakezu bertan. Batez ere, bilatzen duzuna "manga" baldin bada.
Noizbait egarri bazara, ez izan beldurrik!! Beti egonen da heroi bat zu laguntzeko prest!