Gabonetako miraria

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Maiza Razkin 2022ko urt. 17a, 10:35

Gabonak pasa berri dira. Ez al duzue nabaritu? Festak, bazkari bereziak eta mirariak baita ere. Aleluia aleluia!!! Hosanna zeruan, hilda zena gurekin bueltan baita berriro!!! Zer dira aurpegi horiek? Ez pentsa Gabonak Aste Santuarekin nahastu ditudala, lagunok. Ez bainaiz Mesiasez hitz egiten, ene zuhaitzaren azpian aurkitu dudan komikiari buruz baizik! "GTO" komikia bueltan da!

Hala da, komiki japoniar hau 1998an jaio zen Toru Fujisawa mangakaren eskutik. GTO (Great Teacher Onizuka) Eichi Onizukaren istorioa da. Onizuka makarra hutsa da. Liskarretan pasatzen ditu egunak, baina orain bere bizitza aldatu nahi du. Irakasle bihurtuko da, eta bide batez, bere lanbidea erabiliko du ikasleekin ligatzeko. Ohiko japoniar irakaslea, bada. Traba pila bat aurkituko ditu eta hankaz gora jarriko du institutua, baina bihotz onekoa denez, Onizukak ez dio ezeri beldurrik.

Argitaratu zuten urte berean sariak irabazi zituen, baina hona 2008an iritsi zen MangaLine argitaletxeari esker. Nik kasualitatez aurkitu nuen liburutegi batean, baina beranduegi zen. Zoritxarrez, MangaLine argitaletxeak ez zituen esperotako salmentak izan, eta bertan behera utzi zuen bilduma. Bilduma amaitu gabe geratu zen. Gaixoa, komiki batentzat ez dago ezer are krudelagorik. Amaitu gabeko komikia irakurtzea tomate gabeko makarroiak jatea bezala da. Zertarako irakurtzen hasi ezin baduzu guztiz gozatu? Halakoetan internet ahalguztidunaren laguntzara jo beharra daukagu komikia irakurtzeko. Baina ez da berdina paperean edo pantailan irakurtzea. Are gehiago komikien kasuan.

Ni neu asko poztu naiz. Hala ere, hau ez da erdizka utzitako bilduma bakarra. E… Planeta de Agostini? Bai bai. Zuri diotzut!! Noizko "Yu-Gi-Oh!" mangaren azken 12 liburuak? Urte asko dira jada bilduma bertan behera utzi zenutela! Ba ez baduzu komiki gehiago atera nahi, utzi besteren batek argitaratzen, kontxo! Izan ere... bufa, haserretu nauzue jada!