Ez gehiago itxaron, lagunok. Bi urteren ondoren azkenean iritsi da unea. Aste bukaera honetan, maiatzaren 6tik 8ra, Bartzelonako komikien azoka bueltan da! Haizean nabaritzen da, nolabaiteko berotasuna. Ez da udaberriaren beroa, azokaren bueltaren zirrara baizik!
Komikien jarraitzaileondako Bartzelonako azoka urteko jardunaldi garrantzitsuena da. Estatu mailan Bartzelonako azokak ez du parekorik, guztietatik potenteena baita. Aurten 40. edizioa izango da.
Azoka hau ez bakarrik zaleondako, profesionalei eta industriara zabalduta baitago baita ere. Komiki argitaletxe nazionalek asteburu hau aprobetxatzen dute haien nobedadeak argitaratzeko. Argitaletxeek postuak eraikitzen dituzte han komikiak saltzeko. Postu horietan eta ordutegi baten barruan autoreak eta artistak daude haien komikiak sinatzen. Une magikoa da komikigile batek komikiak sinatzen dituenean. Aurten 50 autore baino gehiago egongo dira azokan sinatzen. Horretaz gain, beste hainbat profesionalek hitzaldiak ematen dituzte. Hala ere, autore amateurrek badute beraien txokoa azokan.
Mundu guztiak du toki bat azokaren barruan.
Gainera, komikiaren azokan ez dira bakarrik komiki berriak aurkitzen, bitxikeriak ere aurkitu daitezke. Bildumazaleendako data hau berezia da baita. Komiki azokak ez dio inbidiarik haren lehengusuari: Manga azokari. Gaur egun Manga azoka ez da behin izan zena. Merchandising salketan eta asiar kulturaren inguruko jardunaldietan bilakatu da. Komiki azokak baditu merchandising postuak, baina funtsean, orain dela 40 urte bezain bizia jarraitzen du izaten.
Ni, lagunok, asteburu honek zer eskainiko didan ikusteko irrikaz nago. Komikiren baten bila joango naiz, argazki pila aterako ditut eta libretatxo bat eramango dut soinean, elkar ikusten dugun hurrengoan nik bizitakoa zuei kontatzeko.
Hurrengora arte!