Bazterretik

Bartzelonako komiki azoka

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Maiza Razkin 2022ko eka. 13a, 11:33

Kaixo, lagunok! Elkartu ginen azkenean kontatu nizuen bezala, bi urteren ondoren Bartzelonako komiki azoka ospatu zen. Urteak nituen komiki azoka batera joan gabe, beraz, oraingoan ezin nuen huts egin. Ilusio handiz agertu nintzen Bartzelonako Firan. Han ospatzen da azoka gaur egun, baina lehenengoz antzoki txiki batean izan zen, eta gero tren geltoki batean. Ez da txantxa, argazkirik ez balego nik ere ez nuke sinistuko.


Bartzelonako Fira toki erraldoia da. Denetariko feriak eta azokak jasotzen ditu urtean zehar. Sarrera pasatu eta asfaltozko zelai zabala aurkitu nuen nire aurrean. Eskuinean, pabiloi txikiaren sarrera eta aurrean handiarena. Bi aldetan jatekoa saltzen duten furgonetak. Han gertu, mahai batzuk eta zelaiaren erdian kristal birziklatuz eraikitako estatua bat, Mortadelo eta Filemonen omenez.

Pausua arindu nuen eta pabiloi handira jo nuen. Pabiloi handia bitan zegoen zatituta. Lehen zatian komiki saltzaile eta argitaletxe txikiak zauden. Han eskaintza berezien bila ibili nintzen eta ezetz asmatu zer aurkitu nuen: Cowboy alienen aurka komikia, 3 euroren truke. Komiki honetaz behin hitz egin nizuen eta artikulu hura oroitzen baduzue, jakingo duzue jada 3 euro garestia iruditzen zaidala... Handik ihesi, Cornoque argitaletxearen postua aurkitu nuen. Han komiki bat erosi eta haren autoreek sinatzea lortu nuen, Azagra eta Revuelta handiek.


Mila postutik ibili ondoren eta besapean komiki pare batzuekin erakusketetarantz jo nuen. Bartzelonako komiki azokak 40. urteurrena ospatzen zuen eta lehen erakusketa lehenengo hari eskaini zioten. Bigarren erakusketa batek komiki espainiarraren eta haren historia jasotzen zuen. Ba al zenekiten Espainiako lehen komiki azoka Asturiasen ospatu zela 1973an? Nik ezta ere.


Beste hainbat erakusketa eta postu interesgarri aurkitu nituen, baina tokirik gabe geratzen ari naiz. Horregatik, zuen kabuz komiki azoka batera inoiz joatera gonbidatzen zaituztet, nik bizitakoa bizi dezazuen. Ez zarete damutuko.