Bazterretik

Erokeria multibertsoan

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Maiza Razkin 2022ko uzt. 11a, 10:05

Aurrekoan lagun batekin pote bat hartzen nenbilen. Lagun horrek Marvelen pelikula bat ikusi zuen gauean eta harri buruz galdezka hasi zitzaidan erantzun bila. "Nor da heroi hau?" "Hau komikian agertzen al da?". Nik komiki frikismoko C1 maila daukadanez, erraz erantzun nizkion bota zizkidan galdera guztiak, bat izan ezik. "Hurrengo pelikula ikusi eta oraingoan dena ulertzeko... aurretik diren ehun pelikula eta serie guztiak ikusi behar ditut?".
Hain zuzen ere, Marvelen pelikularen bat ikusi duen edonork sentsazio hau izan du. Zerbait galduko duen edo pelikula guztiz ulertuko ez duen beldurrarekin sartzen da zineman eta gero, xehetasunak galdu dituen susmoarekin ateratzen da zinematik. Nire lagunak, eta ene irakurle askok, ez dakitena da komikietan hau asko eta askotan gertatu dela.

Marvelek heroien unibertsoa tresna moduan erabili du ekosistema handi bat garatzeko. Horrela, milaka istorio asma ditzake, pertsonaiak beraien artean nahastu, istorio gehiago sortzeko. Baita, bide batez, komiki gehiago saltzeko ere, noski. 

Horrek arazo bat dauka funtsean: irakurle berriek ez dute jakingo nondik hasi eta argitaletxeak laguntzen ez baditu, irakurleak nahaste-borraste batean geratuko dira interesa galduz. Pentsa, Marvelek 60 urte daramatza komikiak argitaratzen. Hainbat aldiz kontatu zuten Spidermanen jaiotze tragikoa behin eta berriro irakurle berriek Peter Parker nor den jakin dezaten. Hala izaten ohi zen Spiderman herri-kultura bihurtu zen arte. Bost urtetik behin Ben osaba gaixoa hiltzen zen Spiderman komiki saga batean. Estiloa, forma eta tonalitatea aldatuz, baina funtsezko istorio bera berdina kontatuz.

Hala ere, erraza da Marvel pelikulez gozatzea. Praktika baitaukate multibertsoko erokeriak kontrolatzen. Pertsonaiak komikietan askotan nahastu dituzte. Beti egonen dira garrantzi gehiago edo gutxiago duten pertsonaiak. Xehetasun txikiak galduko ditugu, baina, nahi izanez gero ere, ez dugu munduko komiki guztiak irakurtzeko denborarik.