"Azken bolada honetan, teoria bat daukat Hulki buruz. Ez diot inori kontatu, benetan ikaratzen nauelako. Beti pentsatu izan dugu Hulk Bruce Bannerrek txikitan izandako traumen manifestazioa dela. Bannerren itzala, haren amorru bortitza, haserrea. Baina... zer gertatuko litzateke Hulk halakorik ez balitz? Hulk gu Bruce Bannerrengandik babesteko existitzen bada?"
Esaldi zirraragarri hauekin hasten da Hulk komikietan Marvelek argitaratu duen azken saga: Gerrako bandera!!! Aurten Bruce Bannerrek 60 urte beteko ditu komikien munduan lehen aldiz agertu zenetik. Bere barnean munstro bat ezkutatzen duen zientzialari jakintsua. Dr. Jekyll eta Mr. Hyde moderno bat. Saga berri honek Bruce Banner eta Hulken harreman bereziari buelta ematen dio: (spoiler txiki bat) Bruce Bannerrek Hulken gorputzaren kontrola hartu du. Hauek, hala ere, ez dira berri onak: Bannerrek Hulken gorputza espaziontzi bat balitz bezala pilotatzen du eta gasolina Hulken amorrua da! Hulken kontzientzia giltzapean dauka, haren amesgaizto handienen aurka borrokatzera behartzen du Hulken amorrua pizteko. Hortik aurrera borroka, odola eta multibertso bidaiak datoz. Istorio hau nola bukatzen den, zuen kabuz jakin beharko duzue...
Komiki egarriz utzi bazaituztet nire Hulk saga kuttunena irakurtzea gomendatzen dizuet: Planeta Hulk: 2006an argitaratu zen.Civil War famatua gertatzen ari zen. Amerika Kapitanairen film famatua saga honetan oinarritu zen, baina komikietan ezberdin gertatu ziren gauzak. Heroiak bi taldetan banatuta ziren borrokatzeko, baina biak arazo berdina zuten: Hulkek hautatuko lukeen taldeak automatikoki irabazi egingo lukeela, Hulk boteretsuegia baita inork aurre egiteko. Konponbidea? Hulk espaziora bota eta beste galaxia urrun batean baztertu. Orain Hulk ahula da, baina inoiz baino haserreago dago eta mendekua hartu nahi du baztertu zuten heroien aurka.
Hulk nik bezain beste gustuko baduzue, ez zarete irakurtzeaz damutuko!!!