Bazterretik

Barnako azokan barna

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Maiza Razkin 2022ko aza. 14a, 11:04

Askotan hitz egin dizuet komikiak aurkitzeko parajeez. Nik liburutegia hilabetean behin bisitatzen dut gutxienez eta noizbehinka komiki denda, askotan bigarren honetatik esku hutsik ateratzen banaiz ere. Badago komikiak bizi diren beste toki magiko bat, liburuekin batera. Liburuen azoka da leku liluragarri hau. 

GUAIXEko "komiki korrespontsal ofizial" moduan agertu nintzen Bartzelonako "Sant Antoni" azokan, igande goizero ospatzen den liburu azoka honi buruzko kronika ene jarraitzaile amorratuei ekartzeko. Igande goizetako San Antoni azoka hau Bartzelonako frikien artean famatua da. Liburu azoka berezia baita.


Metrotik atera eta jende mordoa zen han. Azokako lehen taldea aurkitu nuen: kromo bildumazaleak. Merkatua inguratzen duten espaloi eta izkinetan jende pila, denok zutik. Ume, gazte eta heldu, beraien artean kromoak, txapak, tazoak... trukatzeko prest ziren. Adituenek libreta eskuan zeukaten trukeak bertan idazteko. Barrurago, han zen azoka, jendez beteta.


Liburu pila ziren han, zahar nahiz berriak. Postu gehienak liburu postuak ziren. Komikiak zituzten postu asko ere ikusi nituen. Bazen posturen bat disko eta biniloendako. Film, anime eta edozeri buruzko posterrak, anime irudi eta figurak, bideo jokoei buruzko edozer saltzen duten postutxo bat. Bartzelonako manga azokan nenbilela zirudien. Aurkitu nuen bitxiena? Postalak saltzen zituen postu bat! Ez da txantxa, aizu! Hiru metro luze kaxa dena edonongo postalez beteta!!! Hala estatuko nola atzerriko postalak!


Sant Antoniko azoka bildumazaleen paradisua da. Jendea negoziatzen ikusi nuen, haien komiki zaharrak postukoei saltzen, "Messi" mailako "regateoa" eta, batez ere, bitxikeria eta zaharkin asko. Kultura zaharrak eta berriak eskua ematen diote elkarri toki zoragarri hau sortzeko. Noizbait Bartzelonan bazarete, ez galdu aukera eta etorri igande goizean Sant Antoniko azokara!