Azken bolada honetan eztabaida sortu da "Adimen Artifizial" programen eta artearen inguruan. "AA" programak (adimen artifiziala horrela deituko diot testuan zehar. Toki gutxi daukat eta hitza luzeegia da, lagunok) gauza harrigarriak egiteko gai dira. Antzina programazio eta informatika arloetan egin zuten lan. Gaur egun ostea, "AA"-k izugarrizko aurrerapenak egin ditu eta hainbat arlotan sartu du muturra. Egin ditzakeen mila gauzen artean, marrazten ikasi du. Ez baduzu sinesten, bilatu Google-en "Midjourney"edo "DALL-E 2", "AA" marrazkilari famatuenak.
Gai honek kezka eta ardura sortu du artisten komunitatean. Makina bat arlo kreatiboetan lanean! Are gehiago, jendeak tresna berri hauek babesten ditu! Galdera etiko eta filosofiko asko planteatzen ditu honek. "Zer da artea?" galdera klasikotik "nor egongo da prest marrazki hau ordaintzeko?" galderaraino. Hala ere, goian esan bezala toki gutxi daukat, beraz, guri interesatzen zaigun galderan zentratuko gara: "AA"-k komiki bat idatzi eta marraztu dezake?
Erantzuna "ez" da. Ale, hurren arte... Bueno oraindik badaukat toki pittin bat, beraz utzi azaltzen. Erantzun motza "ez" bada ere, "AA" komiki bat idatzi eta marrazteko oso gai da, baina oso urrun dago lan zehatz eta garbi bat egitez. Edonork egin dezake komiki bat, ez da behar Moebius edo Alan Moore izatea komiki bat marraztu edota gidoia idazteko. Hau kontuan hartuta, "AA"k kolore zirraragarriak erabiltzen ditu eta edozein estilora moldatu daiteke, baina ez doa haratago. Ez du irudiak konposatzeko xarmarik eta xehetasunak marrazten ez da batere trebea. Idazteko orduan, ordea, logikoki osatzen ditu esaldiak, baina berriro ere, idatzitakoak ez du xarmarik. Zentzurik badu ere, hutsik dauden arimarik gabeko istorioak kontatzen.
Batek daki etorkizunean "AA"-k maisulan moduko komiki bat sortuko ote duen . Ene ustez hori lortzetik urrun badago ere, "AA"-k ikasteko duen erraztasun eta bizkortasuna harrigarria da.
Ni tokirik gabe geratu naiz, agur lagun!