Bazterretik

Manga da erregea

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Maiza Razkin 2023ko mar. 27a, 09:57

Duela aste pare bat, Interneten nenbilela lagun bat aurkitu nuen komikiei buruz hitz egiten, 
kezkatuta. Liburu denda baten argazki bat komentatzen ari zen. Denda horretan komikien
 sailean hainbat apalategi zeuden, baina begi bistan zegoen zein zen handiena: Manga, hau da,
 komiki japoniarrei eskainitako apalategia. Lagun hau kexuka zebilen, nola da posible
 mangaren apalategia handiena izatea? Non dira, beste komikiak? Nobela grafikoak?


Harrigarria iruditu ala ez, hau ez da ezer berria. Badira urteak manga komiki mota ospetsuena 
eta kontsumituena bihurtu zela. Ene iritziz ez da hain arraroa, manga berez oso mundu
 handia delako. Hasteko, ez da berezko komiki mota bat, mota eta genero askoz osatutako 
komiki estilo eta estetika bat baizik. Askotan manga guztiak zaku bakar batean sartzen 
ditugu eta mangaren barruan hainbat mota ezberdin aurkitu ditzakegula ahazten dugu.
 Bakoitza bere izen japoniarrarekin, noski: Shonen, Kodomo, Mecha...


Horretaz gain, mangak badu bere ondoan laguntzaile boteretsu bat: Animea. Asko
 laburtuta, marrazki bizidun japoniarrak dira. Aurreko paragrafoan esan bezala, ez da 
genero bat, gai estetiko bat baizik (ulertzea espero dut, ez baitaukat berriz azaltzeko tokirik,
lagunok). Animeak asko eta asko inspiratzen dira mangan. Anime pila mangen moldaketa 
hutsak dira, azken finean. Telesailak eta marrazki bizidunak errazagoak dira kontsumitzen eta 
zabaltzen, are gehiago, gaur egun, Internetekin. Horrela, animearen laguntzaz pertsona 
askok lehengo barrera bat hautsiko dute. Animea ikusten duen norbaitek errazago izango duelako eta erosoago sentituko delako manga komiki bat irakurtzen beste edozein komiki
mota baino.


Beste arrazoi bat moda ere izan daiteke. Gaur egun gazteok anime asko kontsumitu 
dugu, modan dagoelako. Aspaldi, manga ez zen ezagutzen eta Mortadeloren tebeoak ziren
 famatuenak eta irakurrienak. Eman mangari aukera bat. Hain mundu zabalean gustuko 
izango duzuen komikiren bat egon behar du. Ziur nago.