Bazterretik

Rork

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Maiza Razkin 2023ko mai. 29a, 11:20

Komikizalea naizenez, nire komiki kuttunenak noizean behin berrirakurtzea oso gustukoa dut. Gaur nire bihotz txikia zabaldu nahi dizuet, nire bildumako komiki kuttunetariko bati buruz hitz eginez. Oraindik ez dut ulertzen zer duen komiki honek hainbeste erakartzen nauena, zerk egiten duen niretzat hain berezia izatea. Komiki honek magia du goitik behera. Misterioak kapitulu batetik bestera gidatzen nau. Mistizismoak biñetak haien artean josten ditu komiki liluragarri eta paregabeko bat osatzeko.

Komiki honek Rork du izena eta Andreas autore alemaniarrak idatzi eta marraztu zuen 1978tik 1993ra. 7 albumetan, "Rork" magoaren abenturak kontatzen dizkigu. Rork beste mago, alkimista eta lagunekin batera munduko misterioak azaltzen saiatuko da. Oso deskribapen orokor eta alferra dirudi, baina zin dagit, lagunok, ezin dudala beste modu batean azaldu. Gidoia erokeria, zentzugabetasun eta inprobisazioz beteta dagoela ematen du lehengo irakurketa batean. Hala ere, hiru hitz horietatik zuzena azkena da. Andreasek ez zuen espero Rorkentzat 7 album idatzi eta marraztu beharko zituenik lehengoa marraztu zuenean. Hirugarren ataletik aurrera istorioa eraikitzen joan zen Andreas. Honek komikiaren misterioari asko lagundu zion, autore berak ez baitzekien nola bukatuko zuen istorioa.
Marrazkiak dira, hala ere, komiki hau berezi egiten duena. Andreas orrialde guztietan dago biñeten konposizioarekin jolasten. Biñeta laukiak, luzeak, erraldoiak, ñimiñoak... egiten ditu. "Jaitsiera" kapitulua maisulana da gai honetan. Andreasek irakurlearekin jolasten du, harenbegiak hara eta hona zuzenduz, Tango bat balitz bezala. Hori guztia gutxi balitz, Andreasen marrazkiak kalitate oso handikoak dira. Andreasen estilo errealista modukoa paregabea da tramak duen mistizismo ilunarentzat. Trama pila bat erabiltzen ditu marrazki hauei itzala emateko eta emaitza guztiz itzela da.

Rork oso komiki berezia da. Haietaz "oso obra pertsonala" dela esaten den horietako bat.