Bazterretik

Pintamonas

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Maiza Razkin 2023ko uzt. 24a, 13:32

Min handiz idatziko dizuet gaur, lagunok, ene haurtzaroko pertsona garrantzitsuena hil baitzen aurreko igandean, 87 urte zituela, Bartzelonan, beti bizi izan zen etxean, Sant Marti auzoan: Francisco Ibañez. 

Ospea lortu bazuen ere, Ibañez beti izan zen pertsona umila. Bere buruaz barre egiten zuen askotan bere umore xelebrearekin. "Pintamonas" deitzen zuen bere burua askotan.


Hiztegian ez dago hitzik pertsona honi diodan mirespena azaltzeko. Ibañezi esker naiz ni gaur naizena. Ez dut txikitako oroimen askorik, baina ditudan oroimen gutxietan beti dago gertu Ibañezen komikiren bat. Beti kontatzen dut Mortadelo eta Filemonek irakatsi zidatela irakurtzen, eta kontakizun dibertigarri bat badirudi ere, benetan eta bihotzez sinesten dut hori egia dela. Hori baino askoz gehiago eman zidan Ibañezek. Komikiak idazten eta marrazten asteko gogoa piztu zuen nire barruan. Gaur egun ere ene barnean piztuta daramadan indar hau berak eta bere komikiek sortu dizkidate. Ene umore sen bitxia, nik marrazten dudan estiloa... Beti izan ditut komikiak gustuko, eta beti izan dira nire bizitzaren parte garrantzitsua. Era batera edo bestera. Komiki horietako lehenbizikoa Mortadelo eta Filemon izan zen, zalantzarik gabe.


Maisu bat galdu dugu, eta nik haurtzaroko lagun min bat galdu izan banu bezala sentitu dut. Ez genuen inoiz elkar ikusi. Ezta inoiz elkarrekin hitz egin ere. Hala eta guztiz ere, Ibañezek eta nik milaka abentura bizi izan genituen elkarrekin. Hainbat gehiago biziko ditugu, haren arimak bizirik jarraitzen baitu idatzi zuen txiste eta marraztu zituen biñeta guztietan.