Bazterretik

Altxor bila

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Maiza Razkin 2023ko urr. 16a, 09:31

Mania bat daukat nik aspaldi. Liburutegira joaten naizen bakoitzean beti komikien sekzioan begiratzen dut, komikiren bat bilatzera joan ez banaiz ere. Beti egoten baita arreta ematen didan komikiren bat. Oraindik irakurri ez dudan komiki famaturen bat, autore bitxi baten manga bat, komiki berrien apalategia... Baina, hala ere, nire gustukoenak altxor ezkutuak dira. Inoiz irakurri ez ditudan komikiak, marrazki bitxi edota autore ezezagunek idatzitakoak.

Komiki hauek etxera eramatea, airera txanpon bat botatzea bezala da. Ez dakizu zer daramazun eskutan, literalki. Marrazkiak gustuko badituzu, ez da seinale txarra, baina marrazkilari bikain batek ezin du gidoilari kaxkar batek hondatutakoa konpondu. Nire kasuan askotan haztatzen dut, eta horrela ez bada ere, honek ez dit eguna zapuztuko. Beti merezi baitu benetako altxor bat aurkitzeak.

Buscavidas zuen izena komikiak. 2011an argitaratu zuen Norma argitaletxeak. Cante flamenkoari buruzko istorioa kontatzen digute haren autore... frantsesek? Zer demontre? Azken datu honek eskemak hautsi eta komikia etxera eramateko behar nuen aitzakia eman zidan (ez dut aitzakia gehiegirik behar izaten, bestalde).

Komikia Andaluzian gertatzen da, eta Manuel eta Benitoren istorioa kontatzen digu. Bikote honek "cante" egiten bizi nahi du. Betidaniko "cantea" egin nahi dute, eta ez rock xume eta moderno bat. Pobreziaz, tristuraz eta arte askorekin hitz egin nahi dute, horrela baita beraiek bizitzen duten modua.

Komikia guztiz hunkitu ninduen tragedia bat da. Marrazkiak guztiz espresiboak dira, erabiltzen dituzten kolore gris eta okreek primeran jotzen baitute kontatzen den istorio latzarekin. Gainera, inoiz ez dut ikusi musika eta komikia horren batuta eta korapilatuta, aldi berean. Horren zaila da musikak paperean hots egitea... Betirako miretsiko dudan obra bat da "Buscavidas". Benetako altxor bat.