Bazterretik

Benetan ez zaitudala gustuko

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Maiza Razkin 2023ko abe. 11a, 10:41

"Inoiz ez zaitut gustuko izan" dio liburu baten azalak. Oso gutxik, inork ezerk agian, ezagutuko du komiki hau. Chester Brown da liburu honen autorea. Komiki honekin konexio arraro bat izan dut betidanik. Batzuetan nitaz edo niretzat hitz egiten duela iruditu izan zaidalako. Ez dut ene autoestimu arazoengatik esaten. Ezagutzen nauzue, badakizue bikaina, majoa eta ederra naizela. Baizik eta beti ahazten dudalako zer dioen eta zertaz doan komikia.


Komiki hau hiru aldiz irakurri dut jada, lau azken aldi hau kontatzen badugu. Askotan ikusi dut liburutegietan. Ikusten dudan aldiro "zertaz doa komiki hau?" galdetzen diot nire buruari. Inoiz irakurri ez banu bezala. Hain zakarra, aspergarria izanda nire buruak guztiz ahaztu balu bezala. Azkenean uste dut ulertu dudala zergatik.


Komikiak Chester Brownen nerabezarora eramaten gaitu. Chesterrek bere bizipenak gogoratzen dituen bezala kontatzen dizkigu. Trikimailurik gabe, bizitza den bezain latza. Teknikari dagokionez hau komikiari ederto datorkio. Komikiak ez du kolorerik, beltza eta txuria besterik. Ez daude bi orrialde berdin liburu osoan. Bineta kopurua, forma eta kokapena aldatzen doa, Chesterren oroitzapenetan zehar bidaiatzen egongo bagina bezala.

Kontatzen digun historia da benetan interesgarriena eta komiki honen mamia. Chesterrek institutuan bizi izandako bere lehen amodioez hitz egiten digu gehienbat. Autorea ez zen institutuko pertsona ospetsuena eta ez zuen lagun askorik. Chesterrek bere amarekin izan zuen harremanaz ere hitz egiten digu. Gai delikatua benetan, baina ez dut spoilerrik egingo...

Chesterrek ez du errukirik bere buruarekin. Edonori lotsa emango lioke komikian bere buruaz kontatzen dituen anekdotak kontatzea. Komikiak bizitza zeinen latza den gogorarazten dit. Zeinen tuntunak garen nerabezaroan... Horregatik, hemendik bost urtera berriro aurkituko dut komiki hau liburutegian eta bueltan esango diot komikiari, gezurra izanda ere, "nik ezta ez zaitut inoiz gustuko izan".