Bai, bai... Badakizu zer esaten diodan nik naturari? Pikutara joan dadila esaten diot nik naturari!!! Hitz hauekin definitu liteke komiki hau, Karramarroen martxa, azken aldi honetan irakurri dudan komiki kurioso eta interesgarriena! Lagun batek bere bilduman zuen, eta irakurtzeko eskaini zidanean ez nuen espero hain gustuko izango nuenik.
Karramarroen martxa Arthur de Pins ilustratzaile frantsesak idatzi eta marraztu zuen. 2011.ean argitaratu zuen. Ez zen Arthurren lehen komikia ezta inoiz argitaratuko zuen ospetsuena ere, baina berarendako, pertsonalki, bereziena izango da, zalantzarik gabe. Arthurrek, zazpi urte lehenago, 2004an, animazio film motz bat egin zuen gai berdinari buruz. Beraz, film labur hura komiki bihurtzea proposatu ziotenean ez zuen zalantzarik izan.
Girondan, Frantzian, hondartzetan karramarro espezie bat bizi da. Cancer Simplicimus Vulgaris edo "karramarro karratua" du izena. Espezie horretako karramarro hauek gaitasun berezi bat dute: haien oskola karratuaren erruz, ez dira bira egiteko gai. Beraz, bizitza guztia pasatzen dute lerro zuzen batean. Ezker edo eskuinera oinez egiten, beti norabide berdinean. Haien existentzia horren xumea da, non karramarro hauek ez dute izenik ere. Baina egun batean karramarro batek izen bat jarriko dio bere buruari, "txalupa". Hortik aurrera, karramarro horrek iraultza bat piztuko du hondartza osoan.
Marrazkiei dagokionez, Arthurren estiloa hasiera batean arraroa iruditu zitzaidan, baina gero eta gehiago irakurri, gero eta gehiago gustatu zitzaidan. Ilustratzaile baino, Arthurrek diseinatzaile grafikoa dirudi. Koloreen erabilera itzela da, orrialde eta bineta guztiak dute zerbait interesgarria. Hasieran zozoa izango zela pentsatu banuen ere (kolore plano pila bat erabiltzen baititu, itzalik eta degradatu askorik gabe), oker nengoen, guztiz. Karramarroen martxak umorea, hondartza eta iraultza batzen ditu komiki super dibertigarri bat sortzeko.