Bazterretik

Kateak hautsita

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Maiza Razkin 2024ko api. 22a, 09:02

Orain dela denbora asko interes handia dut super heroien komikietan. Istoriorik epikoenak genero horretan daude bilduta! Nork ez du noizbait amestu egun batez Superman bihurtzea? Nik egunero! Ohartu gabe eta ohitura bezala, hilabetero erosten nuen  Batmanen komikia. Inertziaz, hilabetero miatzen nuen komiki dendako apala. Inertziaz, beti ateratzen nintzen dendatik eskuetan Batmanen hileroko komikia nuela.

Nahi izan gabe, hileko komiki haren esklabo bilakatu nintzen. Berdin zen komikiak kontatzen zuen historia polita zen edo ez, nik beti erosten nuen hilabeteko Batman komikia. Saga ona zenean sekulako zirrara nuen komikia irakurtzeko, aurreko hilabetekoak berrirakurtzeko baita ere! Bestalde, saga txapa hutsa baldin bazen... Buff, ez zegoen hura baino sentsazio okerragorik. Saga bukatu zedin irrikaz nengoen. Gainera, askotan istorioak korapilatsuak zirenean ez nuen deus ulertzen (bai, gorroto dut "el acertijo" maltzur nazkante hori, aitortzen dut). Hobe zen sei hilabetez komikia erosi, ez irakurri eta behin saga guztia eskuan izanda, guztia jarraian irakurtzea. Baina orduan zertarako egin bilduma?

Superheroien komiki argitaletxe handienek, DC-k eta Marvelek, protagonistak eta frankiziak laranja bat balira bezala zukutzen dituzte mugaraino, hilero. Batman, Batman detective comics, Batman White knight, Batman Black knight, Batman and Robin, Batman Robin and their dog in bizikleta... Pikutara!!! Estrategia hori irakurle bildumazaleei dago zuzendua.

Horiek, nik bezala, hilero erosiko dute komikia. Hilabete batez galduz gero, antsietateak harrapatzen zaitu. Nire bilduma ez dago bukatuta! Hilabete honetakoa berezia da! Komikia deskatalogatuko dute eta ezingo dut inon ere aurkitu! AAAAAAI!
Nik, Supermanen antzera, kateak hautsi eta aski da esan dut! Super heroien komikiez gozatuko dut, baina ez dut argitaletxeen praktika nazkagarri horietan parte hartuko! Ez dute nire emozioekin gehiago jokatuko! Hurrengo hilean hasiko naiz... Batmanen saga bukatzen denean...