Hilabete bat pasatu da aurtengo Bartzelonako azoka izan zenetik, eta nik orain dela bi irakurrita nituen jada bertan lortu nituen komikiak. Hiru egun izan ziren non irakurleek, idazleek, argitaletxeek, marrazkilariek, cosplayerrek, bildumazaleek eta hainbat frikik bat egin genuen, komikigintza eta haren osasuna ospatzeko. Azken esaldi hau, agian, ez da guztiz zuzena; beherago saiatuko naiz hau azaltzen.
Bartzelonako komiki azoka Espainiako azoka garrantzitsuenetarikoa da; baina, hala ere, anaiak, manga azokak, aurten ere protagonismo handia kendu dio. Aurten ere nabaria izan da, azokara gerturatu diren lagun kopurua ikusita, Bartzelonako Fira "betetzen" zuten postu zenbakiak ikusita eta orokorrean sumatzen zen giroa ikusita. Eta ni benetan pozik nago horregatik! Nire iritzian, "komiki industria aditu" bezala, bazen garaia hau gerta zedin.
Komiki azoka autoreak zaintzen saiatzen da, fanzine eta egile independenteei bozgorailu bat ematen saiatzen da, eta azokak antolatzen dituzten erakusketak oso interesgarriak dira. Komiki lehiaketen bidez, komiki egile berrien sorrera sustatzen dute. Manga azoka merkatu asiar erraldoi bat da, eta ez du komikigintzan horrenbesteko arreta jartzen.
Baina goian esan bezala, aurtengo azokan zerbait sumatu banuen, industriaren aldaketa handi bat izan zen. Super heroien komikien BOOMak eztanda egin du (hau ustekabea, lagunok). Nostalgiak asko saltzen du, gaur egun zineman tendentzia den bezala.
Argitaletxeek interes gutxiko bildumak argitaratzen dituzte. Mangaren arloan batez ere, argitaletxeek saltzen dutena baino gehiago argitaratzen dute. "Maltzurrak, hiltzera bideratuta daude", "Horrela bukatu zuen Reialak Whale dukearen gazteluan", "Baki"... Baina nork demontre irakurtzen ditu manga hauek!?
Azken finean zenbat buru, hainbat aburu. Nik oso ongi pasatu nuen azokan eta Isaac Sanchezen sinadura bat lortu nuen. "Oso mundu zaila da hau (komikigintza)" esan zidan Isaacek, baina, bestalde, "ilusio handiarekin" idatzi zuen sinaduran.