Aurreko egunean, lagun batekin eztabaidan nenbilen. Ene lagun honek zinema asko gustuko du, eta zinema komikiak baino espaloi bat gorago dagoela defendatu zidan sutsuki. Baliabide gehiago ditu kontatu nahi den hura azaltzeko, askoz ere gehiago kontsumitzen da, eta, batez ere, zinemak abantaila handia dauka: soinua. Jakina da zinema adituen artean soinua zeinen garrantzitsua den, eta zenbat hobetu dezakeen pelikula bat soinu onak eta musika aproposak.
Momentu hartan hitzik gabe gelditu nintzen. Ez nuen jakin zer esan. Nik zinemaren industrian lan egiten dut, zinema asko gozatu dut eta badakit nire lagunak arrazoi handia duela. Baina badakit ere oker dagoela, eta komikiak ez direla zinema baino gutxiago.
Ene harrotasuna hausteko prest egonda, gai honi bueltak eta bueltak eman dizkiot nire buruan. Zinema eta komikiak ez dira berdina; narratibak bertan bidaiatzeko garraio ezberdinak dira. Biak arte sekuentzialak izanda ere, bakoitzak bere berezko tresnak ditu, besteak erabili ezin dituenak. Arte hauek kontsumitzeko modua ezberdina da. Pelikula bat ikustean, ikusleak irudi eta soinuz osatutako informazioa jasotzen du zuzenean, modu pasibo batean. Komikiak irakurtzean, ordea, irakurleak modu aktibo batean hartu behar du parte.
Aldi berean, komikiak erabiltzen dituen baliabide narratiboak harenak bakarrik dira. Hau da, zinemak ezin ditu kalkatu, ez baitute balio. Zinemak bi baliabide oso indartsu ditu: mugimendudun irudiak eta soinua (ez da makala). Aldi berean, komikia eta zinema biak formatu baten menpe daude. Zinemaren kasuan pantaila da, eta komikiarenean orrialdea. Eta formatu horren menpe, ez dauka akaso komikiak askatasun gehiago? Tontakeria bat dela eman dezake, baina arte sekuentzialean hain garrantzitsua da istorio bat nola kontatzen den, kontatzen den historia bera bezain beste.
Lagun honekin orduak pasa genitzake gai honetaz hitz eta pitz. Hala ere, ezin dut gai hau gehiago luzatu. Ez daukat tokirik, eta denbora gehiegiz pentsatzen egoteagatik, daukadana buruko mina da.