Ronson izena entzun nuen lehengo aldia irratian izan zen. Cesar Sebastianek, Ronsonen autoreak, Valentziako komiki azokako saria irabazi zuen. Beste hainbat sari irabazi zituen estatuan barna, eta Bartzelonako komiki azokan irabazi ez bazuen ere, finalista izan zen. Hau izan zen komiki honengan interesa piztu zidan lehen gauza.
Nire buruan, Cesar Sebastian ilustratzailea eta idazlea zen. Gaur eguneko komikiaren merkatua momentu arraroan dago. Gero eta autore gehiago daude, inoiz baino dibertsitate eta askatasun handiagoa dago argitaratzeko. Batetik, gauza oso positiboa dugu hau. Bestetik, merkatua oso konpetitiboa bilakatu da. Autoreek zaila dute edonondik atera eta saturatuta dagoen merkatu batean besteengandik bereizteko.
Ronsonek bigarren aldiz harritu ninduen behin liburutegira hurbildu eta ene eskuetan izan nuenean. Izan ere, liburu fisikoa modu bitxian argitaratu dute Ronson. Hasteko, liburuaren azala kartoi hutsa da, eta bizkarra, hori okre bat. Bertan, RONSON idatzita. Komiki osoa 3 kolorek osatzen dute: txuriak, beltzak eta okre berdexka batek. Cesarren marrazketa estilo naturalista eta lerro argidunak, eta komikiaren orrien arkitekturak, karratu erregularrez osatua, diskretuki ezkutatzen dute Cesarren presentzia. Narratzaileari uzten diote protagonismo guztia hartzen, eta mezua argi iristen zaio horrela irakurleari.
Ronsonek guztiz hunkitu ninduen hirugarren aldia, irakurtzez bukatu nuenean izan zen. Ronsonek frankismo garaian hezitako ume baten haurtzaroko bizipenak kontatzen dizkigu, argumentu edo trama finko bat jarraitu gabe. Autoreak berak esaten du elkarrizketa batean: "kontatutako istorio gehienak nire aitak bizitako kontakizunak dira (...) Nire helburua herriaren historiaren kronika egitea zen, baina sermoirik eman gabe eta gehiegi epaitu gabe, gertakizun onak kontatuz eta iragana idealizatzetik ihes eginez".
Polita bezain latza den komikietako bat da Ronson, bizitza bera bezala.