Komikiaren Zutabe Nagusia

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Maiza Razkin 2025ko urt. 7a, 08:21

Musika balira bezala, komikiek erritmo baten logika jarraitzen dute. Bateria edo baxua kanta baten bizkarrezurra den bezala, komiki baten orrialdeen moldaketa haren zutabe nagusia da. Baxu jole gaixoak beti dauzkagu gutxituta. Banda barruan garrantzi txikia balute bezala, gaixoak gutxien ligatzen dutenak omen dira. Hala ere, nork imajina dezake gaur egungo EDOZEIN abesti edo genero moderno baxua agertu gabe... Are gehiago diot... zer izango litzateke funky musika talde bat bertan baxu bihurri bat ez balego? Kaka putza!

Tira, tila bat edan eta lasaitu ondoren utzi sakonago azaltzen, lagunok. Nahi eta nahiez gero, komiki batek –liburu batek bezala, bestalde– erritmo bat jarraituz kontatuko digu istorioa. Erritmo hau moldatzea eta nola erabiltzea ezinbestekoa da komiki bat maisulan bihurtzeko. Atera apunteak, hona hemen adibide bat: komiki formatu estandarrena biñeta karratua da. Erabilgarria da irakurleari irakurketa erraz bat eskaini nahi badiogu, baina baita ere kontatzen ari garen istorioa tristea bada, eguneroko bizipena... Bestalde, Superman Godzila jipoitzen ari bada, biñeta dinamikoagoak beharko ditugu: luzeak, borobilak, diagonalean kokatuta, biñeta gabea...

Bestalde, erritmoa ez da orrialdeetan soilik jorratzen. Naruto mangaren Chunin azterketa sagak bederatzi liburuk –hau astakeria– osatzen dute. Bestalde, Lucky Luken liburu bakoitza atal bat eta istorio independente bat bezala kontatzen da. Genero eta industria ezberdinek erritmo ezberdinak erabiltzera eramango gaitu.

Baina, Mikel, honek ez du zergatik horrela izan behar. Komiki dramatikoetan konposizio abstraktuak egin daitezke baita ere... eta blablabla. Bai, badakit, baina nik tokitxo txiki hau besterik ez dut hau azaltzekok, eta arauak hausteko gai izan baino lehen, arauak ondo menperatzea ezinbestekoa da. Komikiaren alde formal eta teorikoari buruz sakonago jakin nahi baduzue jo Scott McCoulden Understanding Comics bilduma irakurtzera. Ni tokirik gabe gelditu naiz.