Bazterretik

ECCESKALABRUA

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Maiza Razkin 2025ko mar. 3a, 08:56

ECC, diru gabe, pikutara joan da. Argitaletxe honek, besteen artean, "DC Comics" estatubatuarraren inprimatzeko eskubideak zituen. Batman, Wonder Woman, eta hainbat manga argitaratu ditu 2011n agertu zenetik. Gorrotoa irabazteko meritu handiak egin ditu ECCk. Polemika askotan egon dira sartuta azken urteetan.

Adimen artifiziala erabili zuten hainbat itzulpen egiteko. Honek komiki autore asko jarri zituen kontra. Haren lana argitaletxetik ateratzeko eskatu zuen Bruno Redondok. Prezioak igo zituzten, kalitateak behera egiten zuen heinean. Crowdfounding bat antolatu zuten. Jendeari dirulaguntza eskatu zioten, Batman komiki batzuk argitaratzeko. Surrealista. Batman DC-ren heroi famatuena eta komiki gehien saltzen dituena da. "Guk honekin ez dugu dirurik irabaziko" esan zuen argitaletxeak. Nork sinesten du hori? Okerrena da crowdfounding hau aterata, argitalpena gaizki egin zutela. Orrialdeak falta ziren, eta berrargitaratu beharrean, orrialdeak irakurleei postaz bidaliko zizkietela proposatu zuten. Edizioak uholdeka atera zituzten, eta orain baztertuta geldituko dira, bukatu gabe. ECCk zerbait ona bazuen, manga bilduma apal baina interesgarriak argitaratzera ausartu zela zen. Orain, manga bilduma horiek bukatu gabe gelditu dira, eta jendea haserre dago. Ez baitakite haien bildumak inoiz bukatu ahalko dituzten.

Baina, okerrena, dudarik gabe, dendarienganako izan duten jarrera da. Hainbat komiki ez zizkieten bidaltzen, diru aurrerapenak eskatzen zizkieten komikiak bidaltzeko... Orain, pikutara joan direla, dendei materiala bueltatzeko aukerarik ez diete eman (bueltatutako guztia dendei ordaindu beharko lukeelako EEC-k) eta izugarrizko iruzurra egin diete dendariei. Denda asko orain zorretan geldituko dira, ez baitute inbertitu dutena berriz berreskuratuko. Batzuek itxi egin beharko dute...

Amorrua ematen dit, nik asko maite izan dudalako DC eta gustuko nuelako ECC arratoi koldar iruzurgile bat bihurtu baino lehen.