Apirila hasieran Bartzelonako komiki azoka egin zen. Urtero bezala, ehunka komiki kaleratu ziren, baina nik komiki bakar batean nuen interesa. Isaac Sanchez nekaezinak bere azken komikia argitaratu du eta, berak esanda, esfortzu handia eta lan estra asko egin ditu komiki hau azokan salgai izan zedin. El de la Batamanta izugarria agertu eta urte eta erdi ondoren, hemen da Buena gente.
Buena gente komikiak 60ko hamarkadara eramaten gaitu. Benquerencia del Río herrian ez da inoiz ohikotik kanpo den ezer gertatzen, baina
bat- batean, herriko aitona diruduna hil egiten da. Hil baino lehen, ordea, testamentua idatzita utzi zuen eta bertan dio bere diru eta lur guztiak pertsona bakarrari utziko dizkiola. Aitonaren hiletatik 90 egunetara bozketa bat egin beharko dute Benquerencian, herri osoko lagun borondatetsu, jator, eta, azken finean, lagun onena hautatzeko. Hautatuak aitonaren lur eta diru guztiak lortuko ditu. "Nire agurra eta 90 egun pasa arte, herriko jendea, jator eta zoriontsuagoa izango da" dio aitonak testamentuan. Zer uste duzue zuek? Arrazoia izango al du aitonak?
Zaila egiten zait Isaac Sanchezen lana objektibotasunez epaitzea. Isaacek idatzitako komiki bat irakurtzean, makil batekin jolasten ari den txakurtxo bat bezala sentitzen naiz. Paregabe marrazten du, teknika tradizionalak eta digitalak marrazkietan nahasiz.Baños Pleamar komikian erabili zuen bezala. Emaitza izugarri ona da.
Baina, dudarik gabe, Isaac Sanchez maisua da komikian narratiban eta istorioa nola kontatzen jakiten. Gidoia Berlanga berak idatzi izango balu, ez ninduke harrituko. Komiki honek zinema espainiar klasikoko gidoi baten antza du. Ez bakarrik kokalekuagatik, baita ere gidoiaren sendotasun eta egituragatik. Azpitrama berriak zabaltzen dira, ustekabeak, eta in crescendo doa amaiera arte.
Dudarik gabe, Isaac Sanchez komikien historiara pasako da. Hala ere, ez zaitezte pilota profesional honetaz fidatu eta irakurri autore paregabe honen edozein obra. Ez zarete damutuko.