bazterretik

San Diegotik Malagara

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Maiza Razkin

Hala da. Comic Con, komikiarekin zerikusia duen azoka handiena, Estatu Batuetatik atera dute. San Diegotik Malagara eraman dute. Comic Con-en industria osoko jendea elkartuko da. Aktore famatuak eta komiki egile garrantzitsuenak. Azoka honetan aurkezten ditu Marvelek bere berri esanguratsuenak. Estatu Batuetako friki kuadrilla batek behin elkar ikusteko aitzakia bezala erabiltzen zuen topagunea, Estatu Batuetako komikien data garrantzitsuenean bihurtu da. Super heroien Meca, historian lehen aldiz mugitu dute. Ohore handia izan behar du Malaga hiriarentzat. Gainera, Comic Con izugarrizko arrakasta izango da. Salmentara atera eta berehala agortu ziren azokak iraungo dituen lau egunen sarrerak.

Hala eta guztiz ere, Malagako Comic Con aurkezpena... Hasteko, Santiago Segura atera zen aurkezle moduan. Oso aukera ona, Santiago komiki zale amorratua delako; zinean arrakasta aurkitu badu ere, komiki marrazkilaria izan zen ospetsu izan baino lehen. Hortik aurrera, prentsaurrekoa ikusita, ez zegoen komikizale askorik. Politikoek ez zuten argazkian ateratzeko aukera galdu, noski.

Comic Con izena badu ere, badirudi komikiak bertan ez dutela hainbeste garrantzirik. Hilabeteak omen daramatzate argitaletxeekin hitz egiten azokan agertzeko, baina aurkezpenean ez ziren. Hainbat autoreekin hitz egiten egon dira, ziur, sinadurak antolatzeko, baina prentsaurrekoan ez ziren agertu... Eta azken hau lotsagarria iruditzen zait, DC eta Marvel argitaletxeetan hainbat autore espainiar baitaude eta, are gehiago, andaluziarrak dira pila bat!

Comic Con ez al da komikiei buruz eta haien inguruan dagoen guztia ospatzeko? Badirudi ezetz. Inguruak, zinemaren industriak, bideojokoek... irentsi egin dute Comic Con. Aitzinean gertatu da eta Malagan gertatuko da baita ere. Komikiak baztertuta utziko dituzte argi, kolore eta zirraraz betetako oihal baten atzean.