bazterretik

Errutinara bueltan

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Maiza Razkin 2025eko irailaren 8a

Uda pasa ostean, hemen gara errutinara bueltan, lagunok. Hala eta guztiz ere, badaude zenbat errutina udan zehar galdu ez ditudanak. Gimnasioko errutinaz hitz egiten ari naizela pentsatzen ari bazarete, argi daukazue!!! Ez, ez, udan zehar, komiki irakurketa errutina mantendu dut. Oporretan inoiz baino gogorrago egurra emanez.

Hiriko liburutegitik komiki pare batzuk hartu nituen. Haien artean Cómo hacer fortuna en Junio del 40 komikia. Artistak: Xavier Dorison (maite dut Xavier Dorison idazlea) eta Fabien Nury (Fabien ez nuen ezagutzen baina bere pintzelek guztiz liluratu naute). Ez pentsa, ez nator komiki honetaz hitz egitera, oso ona iruditzen zait, baina amaiera gustuko ez nuelako, gehienbat.

Bestalde, komiki dendan beste komiki batzuk aurkitu nituen. Nuevo Nueve argitaletxearen bilduma zoragarri eta zirraragarri berria: Low Reader. Low Reader Frantziatik dator, are gehiago, 619 Label argitaletxearen eskutik. Argitaletxe honek, txikia izanda ere, hasieratik izan zuen arrakasta bai kritika baita publiko orokorraren artean. Ezagun zaizue Mutafukaz komikia?

Low Reader bilduma, amaiera mugatudun istoriez osatutako komikiak dira. Hau da, lehengo aleak, ez du zerikusirik bigarren, hiru edo laugarren alean kontatzen diren istorioekin. Komiki bakoitzak autore ezberdinak ditu, ale bakoitzak kontakizun eta marrazki berriak erakusten dizkigu. Honek bilduma osoari freskotasun eta originaltasun handia ematen dio. Alde batetik, autore berriak aurkitzen ditugu eta bestalde, hurrengo alean nor eta zer aurkituko dugunaren zirrara sortzen digu gure barnean bildumak.

Bestalde, ez da dena polita. Nuevo Nueve argitaletxeak bilduma honi ematen ari dion argitalpen erritmoa oso motela da. Kontuan badugu arratsalde batean erraz irakurri daitezkeela komiki hauen 40 orriak, Low Reader irakurketa nahiko motza egiten da.

Errutina jarraitzeko asmoz, beti bezala tokirik gabe gelditu naiz, beraz ezin dizuet Low Reader komikiei buruz gehiago hitz egin. Joan eta aurkitu zuen kabuz!