Dirua, ospea eta boterea, mundu honetan dena lortu zuen gizon batek, Gold D. Roger piraten erregeak, hil aurretik esan zituen hitzek itsasoetara bultzatu zuen jendea: "Nire altxorrak? Nahi izanez gero har ditzakezue. Bilatu! Guztiak munduan utzi baititut nik". Bai, lagunok, Gold D. Roger pirataren hitzak jarraituz, One Piece altxor handiaren bila abiatu ziren munduko pirata guztiak. Hitz hauekin hasi zen gaur egungo manga arrakastatsuena.
Gaur egun, One Piece, Shueisha argitaletxearen altxor preziatuena bihurtu da. Eiichiro Oda japoniarrak 1998an istorio hau idazten eta marrazten hasi zenetik, etengabe jarraitu du handitzen. Manga, marrazki bizidunak, bideo jokoak, filmak, panpinak, gozokiak… Luffy eta bere lagunak famatuak dira mundu osoan.
Manga gainditu eta paperetik kanpo hedatu dira. Azaldu bestela zer egiten duen Nepal edo Indonesiako gobernuen kontra gertatutako iraultzetan "Lastotxapel" piraten banderak? One Piece-ko protagonisten armarriak askatasuna sinbolizatuko balu bezala.
Naruto edo Dragoi Bola izan ziren bezala, One Piece manga eta animearen errege berria da eta errege hauen arazo berdinak pairatu ditu. Argitaletxea One Piece-n jaun eta jabe da, eta ahalik eta zuku gehien ateratzen ari dio mangari. Eiichiro Oda gaixoa, ez dagoela burutik sano ezta ere, hainbat gaitz jasan ditu gehiegi lan egin eta atsedena ez hartzeagatik. Azken 5 urteetan bi alditan gelditu behar izan dute mangaren produkzioa Odaren osasun arazoengatik.
Akira Toriyama (Dragoi Bola) eta Masashi Kishimoto (Naruto) manga txikle bat bezala luzatzera “behartu” zituzten ere bai, baina One Piece-ren kasua ikaragarria da. Errukitzen dut One Piece manga hasieratik irakurri nahi duen gizajoa… 1.132 kapitulu izan dira Odaren azken etenaldira arte. Nire ustez, gaur egun Dragoi Bola dena bihurtuko da One Piece, guk txikitan Gokurekin bizi izan genuena bizitzen ari direlako gazteak.
Hala ere Goku beti izango da Luffy baino boteretsuagoa… eta kitto!