Ene fan amorratuek gogoratuko dute orain dela hiru urte astekari honetan mirari baten testigu izan ginela. 2022ko abenduan, Ivrea argitaletxeak Great Teacher Onizuka (GTO lagunentzat) mangaren argitalpen eskubideak lortu zituen eta manga berriro kaleratu zuen. GTO Glenat argitaletxeak publikatu zuen lehen aldiz gazteleraz, baina bat batean Glenat pikutara joan zen. Manga bilduma erdizka utzi zuten, bukatu gabea… Gaixoa. Gaixoak, baita ere, manga bilduma horren zaleok. Eskerrak Ivreak salbatu zuela!
Ene fan sutsuenek bakarrik oroituko dute nola azken parrafoan, Planeta de Agostini argitaletxearentzat hitz pare batzuk utzi nituen… GTO ez baitzen bukatu gabe nuen bilduma bakarra. Planetak, Yu-Gi-Oh manga bahituta baitzuen! Lehenengo 12 tomoak kaleratu zituzten eta tupustean, bertan behera utzi zuten bilduma. 13. atala ez zen inoiz atera… Ba ez duzue sinetsiko, lagunok! Aurten, Planetak Yu-Gi-Oh manga berrargitaratuko duela iragarri du!
Orduan etorri zitzaidan burura… Noski! Planetak nahi duena bilduma zaharra dugun friki guztiok manga berriro erostea da. Ni ez naiz tuntuna: formatua berdina balitz, 13. tomotik aurrera erosiko nuke eta utikan beste zenbaki guztiak. Formatu handiago honekin, manga berrargitaratzea (eta bide batez prezio igotze galanta) justifika dezakete.
Badakizue zein den ironia handiena? Orain dela hiru urte izugarrizko poza izan zen GTOren itzulpena, baina gaur egun bilduma bukatu gabe dut… Agian hau da Yu-Gi-Oh-ren patua baita ere.