David Zimmerman 34 urteko argazkilari judu bat da. Parisen bizi da, prekarietatean. David tipo lasaia da, barnekoia, kuriositate handidun pertsona. Ez ditu lagun asko eta dituen gutxiekin harreman bitxia dauka. Bere gurasoekin duen harremana baita ere ezohikoa da. David Zimmerman hori eta askoz gehiago da… Edo ez da hauetako bat ere?
Noizbait ekarri dizkizuet, lagunok, bihotza ukitu eta hunkitu didaten komikiak, baina gaur burmuina nahaste-borraste utzi ninduen komiki batez hitz egitera nator: El caso David Zimmerman. Lucas eta Arthur Harari anaiek idatzi zuten, eta Lucasek marraztu zuen.
Arthur Hararik zinemarako gidoiak idatzi ditu (Oscar bat ere badu) eta oso argi ikusten da hau komikian. Dudarik gabe, liburu honek duen onena gidoia da. Pertsonaien arteko harreman eta elkarrizketak… Urrea da, lagunok! Bestalde, marrazkiak kamera zinematografiko batez filmatuta daudela nabari dute. Ez dira plano ikusgarrietan edo konposizio korapilatsuetan sartzen, eta, hala ere, begiak komikira itsasita gelditu zitzaizkidan irakurtzen hasi nintzen momentutik! Komiki hau thriller psikologiko bat da, azken finean.
Gidoira bueltan, sutsu jarriko naiz (Spoilerrak hemendik aurrera). Kafkaren Metamorfosi liburuan bezala, istorio honetan deigarriena protagonistaren transformazioa da. Nola egin da? Nork egin du? Lortuko du bere gorputzera bueltatzea? Garrantzitsuena, hala ere, ez da misterio hau, misterio honen bidez protagonistak gauzatzen duen bidaia baizik. Zein da gure nortasuna? Zerk egiten gaitu gu garena? Gure bizipenak gara? Gure ingurumenaren ondorio xume bat? Gure arbasoen aztarna?
Komiki honek introspekziora gonbidatzen gaitu. Gainera, gutxi ez balitz, ez digu misterioa argitzen! Misterioa ez baita garrantzitsua istorio honetan. Komikiaren amaiera deserosoa da. Ez digu misterioa argitzen eta gainera gure nortasun bera zalantzan jartzera gonbidatzen gaitu. Erantzunak baino, zalantza gehiago uzten dituen tipoa da David Zimmerman..