Ene jarraitzaile amorratuenek badakite azken bolada honetan ez naizela super heroi komikien zale handiena. Azken finean, pijamekin mozorrotutako kuadrilla baten dramak kontatzen dizkigute. Super heroiak autore ezberdinen eskutatik pasatzen dira. Ultraesplotatuta dauden pertsonaiek gero eta zailagoa dute komikien munduan nabarmentzeko. Are gehiago, publiko guztientzat bideratuta daudenez, zaila izaten da autoreentzat gai serioak edo interesagarriak jorratzea.
Komiki amerikarrak beti izan dute alde bateko edo besteko karga politiko eta propagandistikoa. Argitaratzen hasi ziren lehen momentutik. X-men beti izan da arrazakeriaren aurkako kritika handia. Superman Estatu Batuen herrialdearen eta baloreen ikurra bezala erabili da, zineman ere bai... Adibide hauen gainetik badago maisu lan bat. Komiki bat hain garrantzitsu, famatu eta esanguratsua, edozein komikizalek irakurri duena. Irakurri ez duenak, ordea, egin duela esango du besteek benetako komikizalea dela jakindezaten. Badakizue noski zein den komiki hau: Watchmen.
Watchmen komiki amerikarren industria ustelduaren kritika zorrotza da. Alan Moore eta Dave Gibbons autoreek super heroien anti-komikia sortu zuten. Garaiko komikietan dinamismoa, akzioa eta umore zuria bilatzen bazen, Moorek introspekzioa, lasaitasuna eta bortizkeriaz josi zuen Watchmen. Watchemeneko heroiek ez dute mundua salbatzen eta ez dira idoloak. Haien bizitzak maldan behera doaz, frenorik gabe, ezin dute haien burua salbatu ere. Eten gabeko 700 kapitulu jarraiko komikien munduan, Watchmenek 12 besterik ez ditu, eta kitto.
Zoritxarrez,Watchmenek ihesi egin nahi zuen, baina logika kapitalistak berdin berdin harrapatu zuen. Jende askok ez zuen komikia ulertu. Normala, bestalde. Tipula batek baino kapa gehiago dituen obra korapilatsua da Watchmen. Irakurri eta dastatu zuen kabuz, lagunok. Eta gogoratu, edonork galdetzen badu: Noski Watchmen irakurri duzuela! Galdetzea ere...