Bazterretik

Nire bizipena helduendako Shin Chan irakurtzen

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Maiza Razkin

Komikien munduan estiloei buruzko topikoak daude. Komiki amerikarra epikoa da. Manga beti txuri eta beltzean marrazten da, kolore gabe. Komiki Franko-Belgiarrak oso askeak eta artistikoak dira. Kabi Nagata topiko hauen salbuespen da.

Izenagatik asmatuko zenuten, Kabi mangaka japoniarra da. Manga autobiografikoak idazten ditu. Harrigarria badirudi ere, hau ez da batere ohikoa manga industrian. Literaturan egiten den bezala, mangakek haien kezkak, ardurak eta ikuspuntuak pertsonaien bidez azaltzen dituzte, beraien burua obran agertu gabe. Kabik beste topiko bat hausten du, bere komikiei kolore bakarra gehitzen die. Manga bakoitzak txuri, beltz eta hirugarren kolore batek konposatzen dute. Normalean fosforeszente batek. Halere, Kabiren marrazkiek interesgarrien dutena da Shin Chan estilo marrazkien bidez gai serio eta latzen inguruan nola hitz egiten duen.

Imajina dezakezue telebista piztu, Shin Chan agertu eta "Uoooooh, nire pankreak eztanda egin zuen, baina nire bizitza onera joan zen" entzutea? Kabik topiko oso japoniar bat betetzen du: Komikien izenburuak luzeak eta argiak dira. "Nire ihes alkoholikoa errealitatetik", "Nire esperientzia lesbikoa bakardadean"... Ez dago zalantzarik bere txakurrarekin bizitzen dituen abenturez hitz egiten duela.

Txantxak alde batera utziz, Kabiren obra interesgarria da bereziki filtrorik gabe eta modu oso zintzoan irudikatzen dituelako bere bizipenak eta baita ere japoniar gizartea. Bere lan garrantzitsuena, "Nire esperientzia lesbikoa bakardadean" da. Kabik azaltzen du, ordea, gurasoei ez omen ziela grazia handirik egin komiki honek, ezta komiki honek lortu zuen ospeak. Hainbat sariirabazi zituen manga honetan Kabi gaztetik ezagutzen dugu. Bere bizitza pixkanaka ordenan jartzen hasten da. Elikadura nahasmendu bat gainditzen hasi da, mangaren munduan lehen pausoak ematen ditu… Zuen kabuz Kabi Nagata irakurtzera gonbidatzen zaituztet, baina gogoratu izenburuak spoiler direla, kontuz!