Astekoa

3.258 kilometro

34 ordu autoz, 3.258 kilometro. Hori da, Interneten arabera, Kiev eta Altsasu banatzen dituen distantzia. Kilometro horiek egin behar izan dituzte Ukrainatik datozen 61 pertsonek, orain Altsasuko aterpetxean daudenak. 17 aldiz handiago den herrialde batetik datozenak, gerratik ihesi.

Ukrainatik etorritako Sakanako bizilagun berri batzuek ukranieraz hitz egiten dute, baita errusieraz ere. Ukrainera eta errusiera ekialdeko eslaviar hizkuntzen talde berean daude, alfabeto komun bat eta antzeko gramatika partekatzen dutelako. Hala ere, herrialde bakoitzaren historiak bi hizkuntzak banatu ditu. XVIII. mendean, ukrainar literatura hizkuntza bat sortzen hasi zen, baita errusiar hizkuntza bat ere, ondorioz bide desberdinetatik garatuz joan ziren. Azken aldiko ikerketek erakusten dute ukrainarrak elementu komun gehiago dituela bielorrusiarrarekin, txekiarrarekin edo poloniarrarekin errusiarrarekin baino.

Antzekotasunen ondorioz, Ukrainako biztanle askok ukraineraz zein errusieraz hitz egiten zuten.  "Hitz egiten zuten" esaten dugu otsailaren 24aren ondoren auzo harremanak hautsi egin direlako. 2001eko inkesta batean, Kieveko biztanleen %32k esan zuen errusieraz eta ukraineraz hitz egiten zuela. Ez dakigu nola eta noiz amaituko den gerra hau, baina badakigu bi hizkuntza bananduta biziko direla hemendik aurrera. Eta pena da. Bi hizkuntzetan "жаль" lastima edo pena esan nahi du, baina errusieraz damua edo errukia adierazteko erabiltzen da, eta ukraineraz berriz, tristura, samintasuna eta mina.