Astekoa

Harro nago

Badaude pertsonak haien sexu-identitatea, generoa edo sexu orientazioa gizarteak jarri dituen arauetatik kanpo bizitzea erabakitzen dutenak. LGTBI+ akronimoak erreferentzia egiten die lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualei. Kolektibo honekin identifikatuta sentitzen diren pertsonak oraindik ere kaltetuak eta diskriminatuak izaten jarraitzen dute, eta beren eskubide guztiak ez dituzte bermatuta. Horregatik dituzte lege eta planak: 8/2017 Foru Legea, ekainaren 18koa, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzkoa; LGTBI+ 2019-2022ko Ekintza Plana. Honez gain, badaude zenbait erakunde eta kolektibo, horien artean ezagunena Kattalingorri (Irurtzunen informazio bulego bat duena).

Eskubideen aitorpen honetara iritsi arteko borroka ez da erraza izan. Egin duten bidea ikusteko Nafarroako Memoriaren Institutuak joan den urtean argitaratu zuen txostena erreparatu dezakegu. Bertan LGTBI+ Kolektiboak frankismoaren garaian jasan zuen errepresioari buruz hitz egiten du: kartzela, atxiloketak… Eta gu? Nola tratatu ditugu duela 30 edo 40 urte Sakanako herrietan beren sexualitatea modu ezberdinean bizitzea erabakitzen zuten pertsonak? Zaila izan zen gay edo lesbianentzat herri txiki batean bizitzea? Jar gaitezen haien lekuan momentu batez, erantzuna argi izango dugu.

Sakanako bizilagun ausart horiekiko miresmena erakutsi nahiko nuke. Eta Alaska eta Dinaramaren 80. hamarkadako abesti bat eskaini: A quién le importa: La gente me señala/ Me apuntan con el dedo / Susurra a mis espaldas / Y a mi me importa un bledo.