Duela gutxi irakurri dugu Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Departamentuak zubi bat eraikiko duela Sakanako autobiaren gainean, Andia-Urbasako eta Aralarreko animaliak harrapatuak izan gabe ibil daitezen. Zubi edo korridore ekologiko hori Etxarri eta Bakaiku artean eraikiko da, eta 100 eta 200 metro bitarteko luzera eta 63 metroko zabalera izango ditu. Baina ez da beste zubiak bezalakoa izango, Singapurren jarritako zubi batean oinarritzen da. Zubi hau landare geruza bat da, bi mendiak konektatzen dituena. Nafarroako Gobernuaren datuen arabera, 1998tik 2019ra 147 animalia hil ziren Irurtzun-Altsasu tartean: 21 orkatz, 27 basurde, 22 azeri, 21 azkonar, baita igaraba bat ere.
Albistea irakurtzen nuen egunkariko titularrak "salbazio-zubiei" buruz hitz egiten zuen. Izan ere, albiste honek gogoko dudan Madisongo zubiak filma ekarri dit gogora. Clint Eastwood-en film hau kasualitatez topo egiten duten bi pertsonaren maitasun eta funtsezko erabakien istorioa da. Beraz, zubi hau autobiaren alde batean eta bestean bizi direnek elkar ezagutzeko aukera gisa ikusten dut. Aralarko azeri bat irudikatzen dut zubia zeharkatzen, bidean beste azeri batekin topo egiteko. Azeri horrek gaua Beriainen azpian duen gordelekuan igarotzera gonbidatzen du. Gauza ondo badoa, baliteke bisita itzultzea eta zubia gurutzatzea, Lizarrustiko lagunarekin geratzeko. Eta oso ondo badoa, nongoak dira txakurkumeak? Gurasoak mendi desberdinetakoak dira, probintzia desberdinetakoak, autonomia erkidego desberdinetakoak. A zer nahaspila! Zubi gehiago behar ditugu.