Astekoa

Lurraren bularra

Joan den larunbatean, urriaren 15ean, Landa Eremuko Emakumezkoen Nazioarteko Eguna ospatu zen. Nazio Batuen Batzar Nagusiak lehen aldiz 2008an ezarri zuen eguna. 1996an, ordea, Via Campesina bezalako gizarte mugimenduak elikadura subiranotasunaz hitz egiten hasi ziren. Elikagaien subiranotasuna herriek duten politika eta estrategia iraunkorrak definitzeko eskubideari deritzo. Elikadura subiranotasunari buruzko eztabaidan sartu den beste hausnarketa garrantzitsu bat ekofeminismoa da. Ekofeminismoaren ustez, emakumeen mendekotasuna eta naturaren esplotazioa txanpon beraren bi aldeak dira.

Gotzone Sestorain Etxaldekoa kidea da, elikadura burujabetzaren eta nekazaritza iraunkorraren mugimendukoa. Duela gutxi egindako elkarrizketa batean (Noticias de Navarra 2022-10-14) adierazi du landa eremuko emakumeek desberdintasun hirukoitza jasaten dutela. Lehenik, landa eremuko emakume gisa izateagatik. Bigarrenik, nekazaritzaren mundua desberdintasun egoeran dagoelako. Hirugarrenik, generoaren araberako aldearengatik.

Egun hori ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dira Sakanan. Emakumeen bizi kalitatea hobetzeko adierazpen bat aurkeztuko zaie udalei. Eta Helena Bengoetxea zuzendariaren Gure lurra, gure etorkizuna dokumentala proiektatuko da Ihabarren. Nekazarien aldarrikapenak ezagutzeko aukera Guatemalan, Brasilen edo Hondurasen.
Egun horretarako honako leloa aukeratu dute: Nafarroako landa eremuko erronka feminista izanen da, edo ez da izanen. Nik artikulu hau Xabier Leteren haur kantaren omenez Lurraren bularra titulatu dut.