Ikusi makusi, zer ikusi? Baso sute bat ikusten dut. Zer ikasi?
Ikusi makusi, zer ikusi? Uholdeak nire herrian. Uda neguan.
Urbasa ez da kolorez aldatzen udazkena ailegatzen denean.
Ez dut ikusten. Ez dut ikasten.
Zergatik deitzen diote komunikabideek klima aldaketari bero bolada? Gauza batzuek interpelatu egiten gaituzte. Baina ez dugu ikasi nahi. Ikusi ikasi gabe. Klima eta energiaren arloko udalen konpromisoa honetan datza: lehenik, udalerriko berotegi gasen CO2 isuriak gutxienez %40 murriztea hemendik 2030era bitartean. Neurri hauek Nafarroako 177 udalerri (Nafarroako biztanleen %80) atxiki zaizkio itun baten bidez, baita Sakana ere.
Aste honetan Sakanako eta Euskal Herriko herri askotan ospatzen da Santa Ageda. Kuadrillak makilekin lurra jotzen ikusiko ditugu, abesten duten bitartean. Euskal mitologiaren arabera, lurra neguko solstiziotik esnatzeko egiten da. Baina lurra haserre dabil azkenaldian klima aldaketarekin. Eta bere buruari galdetzen dio: nor da desastre honen arduraduna?
Ikusi makusi.
Delirium Tremens taldeak duela urte batzuk gomendatu zigun:
Ikusi eta ikasi.
Eta ondo entzun.
Hobeto heldu.