Astekoa

Soinuaren hesia

Ziur aski denok entzun dugu esamolde hau: Mucho ruido y pocas nueces. Shakespeareren lan baten izenburua ere bada. Euskaraz honela esaten dugu:  "Oinaztura handi eta euri gutxi". Zarata izan zen joan den otsailean armadaren F 18 hegazkin batek egin zuena eta Sakanako eta Arabako hainbat herritan entzun zena. Arrazoia: soinuaren hesia hautsi zuen. Bel Pozueta eta Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuek azalpenak eskatu zituzten, eta duela egun batzuk erantzun zuten esanez hegazkinak "beharrezko abiadura" hartu behar zuela. Nik ez dut hori uste. Hasteko, inori ez zaio gustatzen bere hesia haustea, ezta soinuari ere.

Egia esan, soinua izugarri azkar doa, 1.200 kilometro orduko abiaduran. Baina soinuak beti izan du lehiakide eskuraezina, argia. Lehenengo tximista ikusten dugu eta gero trumoia. Argiaren jainko asko daude, eta trumoiaren jainko zelta bat besterik ez, Taranis. Beti bigarren mailako aktorea izatea ez da atsegina. Gainera, joan den mendeko 50eko hamarkadatik abiadura supersonikoko hegazkinak eraikitzen hasi ziren. Noski, hegazkin batek soinua baino gehiago korrika egiteko ausardia duenean, normala da soinua moskeatzea eta haserretzea. Horregatik, joan den otsailean Sakanan entzun genuena, hegazkineko pilotuari errieta botatzen ari zitzaion soinuaren orroa izan zen.

Tira, ez legoke gaizki soinua bakean utzi eta beste hesi batzuk apurtzea. Matxismoaren hesia edo arrazakeriaren hesia, adibidez.  Hesi horietakoren bat apurtzea lortzen dugun egunean zarata handiarekin eta intxaur askorekin ospatuko dugu.