Astekoa

Dirudi

Azken aldian adimen artifiziala albiste izan da hainbat arrazoirengatik. ChatGPT bezalako aplikazioek, adibidez, 1.000 hitzeko testuak sor ditzakete Sakanako historiari buruz. Adimen Artifiziala imajina ezin dugun abiaduran doa. ChatGPTk, merkaturatu eta bi hilabetera, 100 milioi erabiltzaile baino gehiago izan zituen (TikTok-ek bederatzi hilabete behar izan zituen kopuru hori lortzeko). Adimen artifizialak gure eguneroko bizitzan duen eraginaren adibideak asko dira. Bitxia, eta aldi berean korapilatsua, iruditu zaidan bat aipatuko dut.

Boris Eldagsen, ospe handiko argazkilari alemaniarra, Argazkigintzaren Mundu Erakundeak urtero antolatzen duen nazioarteko lehiaketa batean saritu zuten. Epaimahaiaren arabera, "saritutako argazkiak hainbat belaunalditako bi emakumeren zuri-beltzeko erretratu bitxi bat irudikatzen zuen, 40ko hamarkadako erretratu familiarretako hizkuntza bisuala gogorarazten duena".

Baina Boris Eldagsenek gutun bat bidali zuen sariari uko eginez, eta ironiaz eskerrak eman zituen bere argazkia aukeratzeagatik, AAk sortutako lehen irudia baitzen nazioarteko argazki-lehiaketa garrantzitsu bat irabazten zuena. Ekintza horren bidez, argazkigintzatzat zer hartu behar den eztabaidatu nahi zuen.

Albiste honek herriko bizilagunen Wahtsapp bidez batzuetan jasotzen ditugun argazki zaharrak ekarri dizkit gogora. Adimen artifizialari esker, edozein egunetan neure burua ikusiko dut duela 70 urteko argazki batean, aitona besoetan dudala. Eta irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela diote; Chat GPTrenak ez badira, noski.