Astekoa

Marsha erlea

Datozen egunetan hainbat ekitaldi egingo dira ekainaren 28ko harrotasunaren eguna ospatzeko. Stonewalleko matxinada gogoratzen da egun horretan. 1969ko ekainaren 28ko goizaldean, Stonewall izeneko pub batean, poliziak egindako sarekada baten aurkako protestak izan ziren. New Yorkeko Greenwich Village auzoan dagoen pub honetan LGBTQ+ jendea ibiltzen zen. Haien artean, batek oso paper aktiboa jokatu zuen gau hartan, Marsha P. Johnsonek. 

1945eko abuztuaren 24an New Jerseyn jaioa, Marsha P. Johnson emakume transgeneroa, afroamerikarra eta pobrea izan zen. Silvia Rivera adiskidearekin batera, Street Transvestite Action Revolutionaries, STAR (Kaleko Ekintzaile Trabestida Iraultzaileak) erakundea sortu zuen. Baliabiderik gabeko trans emakume askori lagundu zien eta hiriko lege homofobo batzuk aldatzea lortu zuten. Hori dela eta, LGBTQ+ mugimenduaren barruan diskurtso transfobo eta elitista batzuk entzuten direnean, komeni da ez ahaztea Marsha P. Johnson bezalako lehenengo aktibistak.

Bestalde, komeni da ere Estibaliz Urresolaren 20.000 erle espezie inguru filma ez galtzea. Aitorri buruzko filma da, izen horretan bere burua ezagutzen ez duen eta Lucia izatea gustatuko litzaiokeen zortzi urteko mutikoari buruzkoa. Trans haurtzaroa sentiberatasun eta gozotasun handiz tratatzen duen filma, erleen eztia bezala. Sakanan 20.000 pertsona inguru bizi gara. Zenbat erle espezie daude Sakanan? Ez dakit. Baina harro sentituko nintzateke espezie horien artean Marsha erlea, Lucia erlea eta Luka erlea daudela jakinda.