Ziur aski ezagutzen duzue esaera hau: batzuek ospea daramate, eta beste batzuek artilea kardatzen dute. Euskaraz antzeko esaera bat egongo da, baina ez dut ezagutzen. Esaera zahar honen esanahia azaltzeko, izurdeez eta marrazoez hitz egitea proposatzen dut. 300 marrazo espezie baino gehiago egon arren, bostek bakarrik erasotzen diete gizakiei. Iaz 57 pertsonak marrazoen erasoak jasan zituzten, eta bost hildako egon ziren. Marrazoek nahasita eraso zieten pertsona horiei, taula gainean surflari bat dortoka batekin nahasita, esaterako. Datu horiek sendoak badira ere, marrazoak beldurra sortzen du. Izurdea, berriz, kontrakoa da, ugaztun jatorra da. Dirudienez, oso azkarra da, gizakiekin erlazionatzen da, eta berezko hizkuntza du.
Oro har, izurdeak plazer hutsez ehizatzen ditu arrainak, ez jateko. Bestetik, "Botila lepoa" izurdeak beste izurde kume batzuk jaten ditu emeak berriro haurdun egon daitezen. Estalketan emeak aste luzez jasaten du ar talde baten abusua. Ihes egiten saiatzen bada, hil arte jotzen dute.
Harrituta? Errealitatearen manipulazio horretan zinearen industriak oso paper garrantzitsua jokatu du. Marrazoen kasuan, Spielbergen pelikularen arrakastaren ondoren, Ipar Amerikako ekialdeko kostaldean marrazoen kopurua %50 murriztu zen. Izurdeen kasuan, Winter bezalako filmek psikopata hauen "giza" aldea erakutsi ziguten. Horren guztiaren ondorioa argia da, ez gaitezen itxuraz fidatu, ezta ikusi edo irakurri dugunaz. Mundu konplexu batean bizi gara; beraz, batak bestea aurreiritzirik eta estereotiporik gabe ezagutzen ikasi behar dugu. Nor diren indioak, nor diren bakeroak. Marrazoak, izurdeak.