Azkeneko asteetan gertakari bortitz batek komunikabide eta elkarrizketa guztiak hartu ditu: Mediterraneoan eta bereziki Valentziako probintzian jazotako muturreko DANA. Espainiar estatuan aurrekaririk gabeko gertakaria izan da, leku askotan urtebetean erortzen den euri uraren baliokidea bota baitzuen ordu gutxitan. Horrek ondorio latzak izan zituen, errekastoak ibai bihurtu ziren bat-batean, bidean harrapatzen zuen guztia urpean hartuz eta txikituz. Luze entzun dugu hondamendi honen ondorioez, kudeaketa desegokiaz etab. baina gaurkoan ez nator horretaz hitz egitera. Zerk eragin du DANA edo tanta hotz hau urtero udazkenean zonalde horretan ohikoak direnak baino bortitzagoa izatea?
DANA akronimoak Maila Altuetako Depresio Isolatua (Depresión Aislada en Niveles Altos) esan nahi du. Atmosferaren goiko geruzak hozten direnean gertatzen da, eta ezegonkortasuna eragiten du. Airea goiko geruzetan hoztu ahala, depresioa sortzen da. Depresio eremu hori gainerako zirkulazio atmosferikotik "isolatu" daiteke, DANA bat sortuz. Gainazaleko aire bero eta hezeak gora egiten du eta DANAko aire hotzarekin egiten du topo. Horrek ur lurrunaren kondentsazioa eta hodeiak eta prezipitazioak sortzea eragiten du.
Mediterraneoko ura ohi baino beroagoa dago (21ºC inguru), atmosferari hezetasun handiagoa emanez. Horrek prezipitazioak areagotu ditzake ekaitzak sortzen direnean. Gainera, hainbat sistema meteorologikoren elkarrekintzak, hala nola fronte hotzak eta presio handiak, DANA areagotzen lagun dezake. Kasu honetan, baldintza "perfektuak" eman dira ekaitz hauen indarra mugara eramateko, ekaitzak katean gertatu dira, bata bestearen jarraian, prezipitazioak emendatuz. Hala ere, ez da kasualitate hutsa izan. Izan ere, klima aldaketa dakarren berotze globalak eragina izan dezake DANA bezalako fenomenoen maiztasunean eta larritasunean, eta areagotu egin dezake gertaera horietan eror daitekeen ur kantitatea. Izan ere, aipatutako itsasoaren tenperatura igotzeak lurrun gehiago sortzea dakar eta horrek ekaitza elikatzen du.
Klima aldaketak, beraz, ez du berotze globala bakarrik eragiten. Muturreko tenperaturak eta fenomeno klimatiko bortitzak geroz eta maizago jazotzen dira eta indartsuagoak dira. Horren adibide dira azken urteetako bero olatuak, lehorteak, duela gutxi AEBko Floridara iritsi zen Helene urakana edota gertatu berri den DANA hau.
Zientzialariak klima aldaketaz aspaldi ari zaizkigu ohartarazten. 1896an, jada, Svante Arrhenius izeneko zientzialari suediarrak erregai fosilak erretzearen ondorioz karbono dioxidoa (CO2) handitzeak tenperatura globalaren igoera ekar zezakeela esan zuen. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan berotze globalari buruzko azterketek indarra hartu zuten eta Klima Aldaketari buruzko Gobernu arteko Taldea (IPCC) bezalako erakundeak 1990eko hamarkadan sortu ziren. Hamarkadak pasa dira, eta neurriak ez dira gauzatzen.
Azkeneko nazioarteko klimaren goi bileran tenperatura igotzearen muga 2100 urterako 1.5ºC-an ezarri zen. Aldiz, gaur egungo martxan, ordurako 4ºC-koa izango litzateke. Espainiar estatuak 2021ean Emergentzia Klimatikoa ezarri zuen, aldaketa klimatikoaren aurrean neurriak hartzeko konpromisoa hartuz. Horretarako, berotegi efektuko gasak eta, bereziki karbono dioxidoaren (CO2) isurketak gutxitu eta xurgapena bultzatu beharko lirateke, molekula horiek eragindako berotegi efektua leuntzeko.
Helburu hau lortzea, aldiz, ez da xamurra izango. Izan ere, CO2 isurketa globalak gutxitzeko erregai fosilen erabilera eta energia beharra gutxitu behar dira, honek dakartzan zailtasun logistiko eta teknologikoekin. Hau lortzeko bidea deshazkunde ekonomikotik dator, eta noski, sistema ekonomikoaren berrantolatzea beharko luke.
Bitartean, jada hemen daukagun krisi klimatikorako prestatzea beharrezkoa da: Uholde eremuetan ez eraiki, lur biluziak landatu, hirietako berdeguneak areagotu, nekazaritzako agroekologikoa sustatu, bertako produktuen kontsumoa indartu… Has gaitezken tokian-tokiko neurriak hartzen eta komunitateen saretzea eta antolakuntza bultzatzen.