Aurreko astean otsailaren 11n Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna izan zen. Horren harira, hilabete honetan erakundeek antolatutako hamaika tailer, hitzaldi eta jardunaldi izango dira. Baina, gure buruei galdetuko bagenie zenbat emakume zientzialariren izen ezagutzen ditugun?
Azkar-azkar, ziurrenik, burura etorriko zaigun lehen izena Marie Sklodowska-Curie (1867-1934) izango da. Polonioa eta erradioa aurkitu eta gero, erradioaktibitatearen azterketan aitzindaria izan zen. Zertxobait gehiago pentsatuz gero agian zenbaiti Rosalind Franklin (1920-1958) etorriko zaizue burura. X izpiekin egindako lanak ezinbestekoak izan ziren DNAren egitura ezagutzeko. Tamalez, bere ekarpena ez zitzaion hil ondoren arte aitortu, eta DNAren egituraren aurkikuntza Watson eta Crick gizonezko zientzialariei egotzi zitzaien. Historian gehiegitan gertatu den bezala, emakume baten lana gizonezkoen itzalpean geratu zen. Bestetik, primateen jokabidean oso ezagunak diren bi emakumeren izenak etortzen zaizkit burura: Dian Fossey (1932-1985) eta Jane Goodall (1934). Lehena goriletan espezializatu zen, Kongo eta Ruandako mugako oihanetan, hauen babeserako egindako hainbat ekintza nahiko polemikoak izan ziren. Bigarrenak 60 urte luzez txinpantzeak aztertu ditu Tanzanian. Tresnak sortu eta erabiltzen zituztela ikusi zuenean –aurretik gizakion gauza zela uste zen–, animalia adimenaren ulermena eraldatu zuen. Horrez gain, bera Nazio Batuen Erakundearen Bakearen mezularia da eta giza eskubideen, ingurumenaren babesaren eta krisi klimatikoaren kontzientziazioan aktiboki jarduten da. Beste izen asko aipatu nitzakeen: Ada Lovelace, Hedy Lamarr, Edith Clarke, Margarita Salas… Emakume interesgarri hauen inguruan gehiago ezagutzera animatzen zaituztet. Baina ez da beharrezkoa hain urruti joatea historiako emakume aitzindariak ezagutzeko. Euskal Herrian ere izan dira (eta badira) ereduak. XX. mendearen hasieratik aurrerako euskal emakumeen hainbat adibide ekarri dizkizuet: Felisa Martin Bravo (Donostia, 1889-1979) fisikan doktoretza lortu zuen estatuko lehen emakumea izan zen eta lehen meteorologoetako bat, elektrizitate atmosferikoan eta honek babes aeronautikoaren arloan duen aplikazioan aditua. Dorotea Barnes (Iruñea 1904-2003) kimikan doktorea espektroskopia teknikan aitzindaria izan zen eta zistina aminoazidoaren propietate kimikoen azterketan espezializatu zen. Josefa Molera (Isaba, 1921-2011) kimikan doktoreak bi Nobel saridunekin egin zuen lan Oxford eta Sheffielden, eta Estatuko lehen gas kromatografoa eraiki zuen bere lantaldearekin. Vicenta Llorente (Algorta, 1930) "gudako umea" izan zen, Sobietar Batasunean hezi zen, han biologia ikasketak egin zituen eta itzultzean ortopteroetan (matxinsalto eta kilkerren familia) espezializatu zen. Aurrez-aurre ezagutzeko aukera izan nuen duela pare bat urte, eta bere 90 urteak pasata, oraindik ikertzeko energiaz beteta dago. Emakume benetan inspiratzailea. Mertxe de Renobales (Bilbo, 1948), kimikan lizentziatua eta biokimikan doktorea, Ipar Amerikan egin du bere ikertzaile ibilbidea eta elikagaiei aplikatutako bioteknologian aditua da. Lydia Zapata (Bilbo, 1965-2015) arkeologoa eta arkeobotanikoa, Euskal Herriko Erdi Paleolito eta Neolitoko garaietako kokalekuak aztertu zituen eta paleobotanikako Europako espezialistarik onenetako bat izan zen.
Itziar Aretxaga (1965), astrofisikan doktorea Mexikon munduko teleskopio milimetriko handienarekin egiten du lan, eta 1000 galaxia baino gehiago aurkitu ditu.
Imajinatuko duzuenez, gaur egun emakume zientzialariak asko gara, baita Sakanan ere. Zientzia eta ikerketa ez dira bide errazak (inbertsio ekonomiko eta baliabide faltagatik askotan) eta, edozein karrera profesionaletan bezala, emakumeoi hamaika traba ezartzen zaizkigu. Hala ere, mezu hau neskato guztiei zabaldu nahiko nieke: zientzia gustatzen bazaizue (biologia, matematikak, ingeniaritza, fisika, kimika…), jarraitu zuen ametsak eta ez utzi inork kontrakoa esan diezazuen. Zientzia liluragarria da!