Kolaborazioa

Diru gosea itzalaldiaren atzean

Erabiltzailearen aurpegia Miren Aldasoro Lezea

Artxiboa

Apirilaren 28an eguerdiko 12:33ko itzalaldi orokorra gertatu zenetik, eztabaida zabala da komunikabideetan. Aldiz, oraindik ez da erantzun argirik, eta badirudi hilabeteetan luzatu daitekeela. Hori horrela, energian adituengana jotzea da fidagarriena. Horietako bat dugu Antonio Turiel, fisikan eta matematikan doktorea, CSIC-eko ikertzailea eta dibulgatzailea. Gaia xamurra ez den arren, bere eskutik gertakaria eta aurrekariak aztertzen saiatuko naiz.

12:33etan 5 segundotan sortutako potentzia 15 GW jaitsi zen, ekoizten ari zenaren %60. Horrek Iberiar Penintsula osoan itzalaldi bat eragin zuen berehala. Zorionez, gutxi gorabehera 10 GW-ko ekoizpena mantendu zen, eta horrek, Frantzia eta Marokotik etorritako elektrizitate inportazio masiboen laguntzaz, sarearen berreraikuntza progresiboa ahalbidetu zuen. Lehen orduetan, itzalaldiaren kausari buruzko azalpen ugari eman ziren (zibererasoak, atmosferako fenomenoak, Frantziarekin zegoen interkonexio lineako gorabeherak…). Hala ere, argi geratu zen horietako ezer ez zela gertatu.

Baina, zer gertatu zen orduan? Gutxienez 12:00etatik aurrera, sare elektrikoak ezegonkortasun zantzuak erakusten zituen. 12:22 inguruan, sarea erortzear egon zen. 12:33ko erorketaren unean, eskaera eta ekoizpenaren maiztasunean 0,15 Hz inguruko bereizketa gertatu zen. Puntu horretan, azpisare batzuek ezin izan zuten gain tentsioa jasan eta deskonektatu egin ziren kalteak saihesteko. Horrek gainontzeko azpisareetan estresa handitu zuen, eta, azkenean, energia fotovoltaikoaren zati handi bat katean erori zen. Aldi berean, zentral nuklearrak, malgutasunik ez dutenez, ezin izan ziren egoerara moldatu eta larrialdiko geldialdia egin zuten.

Egoera hau ez da salbuespen bat. Europa 2021eko urtarrilaren 8an itzalaldi masibo bat jasatear izan zen ere arazo berarengatik. Arazoaren muina energia berriztagarri bolumen handiak beharrezko korrontearen egonkortze sistemarik gabe sare elektrikora integratzean datza. 2022ko araudi aldaketetatik aurrera, sistema horiek derrigorrezkoak dira.

Energia berriztagarria sarean gutxiengoa zenean, ez zegoen arazorik, bestelako iturriek egonkortasuna ematen baitzuten. Baina itzalaldiaren unean energia berriztagarria ekoizpen osoaren %80 zen. Ohiko sistemek, inertzialak direnez, eskaeraren aldaketetara egokitzeko gaitasuna dute. Sistema eoliko eta fotovoltaikoek, aldiz, ez dute malgutasunik. Ez eta nuklearrek ere, horregatik erortzen dira era berean.

Hala ere, argi utzi behar da arazoa ez direla energia berriztagarriak. Energia elektriko berriztagarria beharrezkoa da (ingurumenagatik, erregai fosilen eskasiagatik...), baina ezin da edozein modutan egin. Turielek balaztarik gabeko auto bat saltzen dizun saltzaile batekin alderatzen du. Autoa berez ez da arriskutsua, baina ezin da balaztarik gabe saldu. Gauza bera gertatzen da energia berriztagarriarekin: egonkortze sistemak barneratu behar ditu. Bestela, arduragabekeria larria da. Baina kostuak aurrezteko asmoz, enpresa energetiko handiek horixe egin dute urte luzez.

Egonkortze sistemarik gabe, lehen zantzuetan erreakzio azkarreko sistemek —hidroelektrikoa eta gas naturaleko ziklo konbinatuak— ekoizpena handitu izan balute, egoera kontrolatu zitekeen. Baina une horretan, ziklo konbinatuek soilik %3 ordezkatzen zuten. Ez zen nahikoa aldaketak xurgatzeko eta egonkortasuna emateko. Are okerrago, ziklo konbinatuko zentral asko geldi zeuden, eta horiek berrabiarazteko orduak behar dira. Zergatik zeuden geldi? Berriztagarriei esker, aurreko egunetan elektrizitatearen prezioa zero edo negatiboa izan zenez, jabeek bestelako zentralak itzali zituzten, sistemaren segurtasuna kontutan hartu gabe.

Ondorioz, arazoa enpresek beren irabaziak sistemaren egonkortasunaren gainetik lehenestean datza. Eta erregulatzaileak, edozergatik, ezin izan die prest egotera derrigortu.

Zer ikasi dezakegu honekin? Egonkortasunean inbertitu (oso garestia da), eta erreserba zentralak mantendu behar direla (garestiak eta CO

2 igortzen dutenak). Epe luzera, agian kontsumoa murriztu beharko da, jasangarriagoa den zerbaitetara egokitzeko.

Iturria:

Antonio Turiel (2025-04-29). 'Post de urgencia: Calambrazo'. https://crashoil.blogspot.com/2025/04/post-de-urgencia-calambrazo.html