kolaborazioa

Hotza falta denean: izozteak eta nekazaritzaren oreka

Erabiltzailearen aurpegia Miren Aldasoro Lezea 2026ko urtarrilaren 26a

Urtea hotz hasi dugu, neguko bigarren elurtea izan dugu herrietan, eta zero azpiko tenperaturak erregistratu dira urteko lehen goizetan. Hala ere, bada gure artean sentsazio orokor bat: azken urteotan elur gutxiago egiten du, eta neguak geroz eta epelagoak dira.  Izozteak ere geroz eta gutxiago eta arinagoak direla dirudi.

LIFE-IP NAdapta-CC proiektuaren txosten baten arabera, 1991-2017 aldian Nafarroan izozte egunak ia erdira murriztu ziren, eta joera hori mantenduko dela aurreikusten da. Nafarroako meteorologia zerbitzuaren arabera (meteoeu.navarra.es), 1990-2020 bitartean izotz egunen batez bestekoa 45ekoa izan zen Altsasun. 2025eko datuei dagokienez, Altsasun zero azpiko tenperaturak 34 egunetan erregistratu ziren. Aurtengo neguari oraindik asko geratzen zaio, eta datuak ondoren aztertu beharko dira. Hala ere, badirudi joera hau dagoeneko orokortua dela:  klima-aldaketak negu xamurragoak ekarriko ditu.

Izotz eta elur gutxiago izateak ondorio nabarmenak ditu ekosistemetan. Ohiko hotzik gabe, espezie asko ez dira neguan hiltzen, eta udaberrian populazio handiagoarekin hasten dira ugaltzen. Horren adibide da azken urteotan udaberri eta udan kaparren hozkadek izan duten gorakada, eta horrekin batera Lyme gaixotasunaren kasuak ugaritu izana. 

Fenomeno horrek, era berean, eragin handia du nekazaritzan ere. Nekazaritza-izurrite diren espezie asko neguan ez dira hiltzen eta ugaritzen ari dira, eta horrek laboreak are gehiago kaltetzen ditu eta uzta txikiagoa  eta ekoizpenaren gainbehera eragiten du. Egoera kontrolatzeko, nekazariek pestizida kimikoak gero eta gehiago erabiltzen dituzte, baina horrek bestelako arazo larriak sortzen ditu.

Izurriteen gehiegizko ugalketaren aurrean, pestiziden erabilera ohiko bihurtu da. Pestizidak, oro har, ez dira espezifikoak, eta, beraz, ez dira izurriteentzat bakarrik kaltegarriak: lurzorua, ura eta airea kutsatzen dituzte, eta espezie askoren biziraupena arriskuan jartzen dute. Polinizatzaileak, hala nola erleak eta tximeletak, oso kaltetuta ateratzen dira pestiziden ondorioz. Bestalde, pestizidek izurriteen aurkako harrapari naturalak ere hiltzen dituzte, eta horrek oreka naturala apurtzen du.

Ekosistemetan espezie guztiak elkarri lotuta daude, eta espezie baten gehiegizko ugaritzeak beste batzuen desagertzea eragin dezake. Adibidez, pestizidek mantisak, marigorringoak edo liztorrak hiltzen badituzte, izurriteen kontrol naturala galtzen da. Etsai naturalik gabe, nekazariek produktu kimiko gehiago erabili behar izaten dituzte. Horrek gurpil zoro batean sartzera garamatza: pestizida gehiago = bizidun onuragarri gutxiago = izurrite gehiago.

Gurpil honetatik ateratzeko gakoetako bat nekazaritza agroekologikoaren alde egitea izan daiteke. Praktika honetan funtsezkoa da izurriteen kontrol naturala sustatzea, ekosistemen oreka mantenduz eta produktu kimikoen erabilera murriztuz. Horretarako, etsai naturalen presentzia indartzea estrategia eraginkorra da. Adibidez, landare aromatikoak, hala nola albahaka, zorriak uxatzen laguntzen dute, eta marigorringoek intsektu kaltegarrien populazioa murrizten dute. Bestalde, saguzarrak eta bestelako ugaztun zein hegazti intsektujaleak eltxo eta sitsen ehiztari naturalak dira, eta laboreak babesten laguntzen dute. 

Horretarako, noski, funtsezkoa da etsai naturalen presentzia bermatzea, eta horretarako inguruko aniztasuna mantentzea ezinbestekoa da. Laboreez gain, loreek, sasiek eta basoek habitat egokiak eskaintzen dizkiete intsektu lagungarriei, hala nola marigorringoei, sorgin orratzei edo polinizatzaileei, eta bestelako harrapariak babesten dituzte. Paisaia anitz eta orekatua mantenduz, nekazaritza erresilienteagoa eta ekologikoki jasangarriagoa lortzen da.

Argi dago klima-aldaketaren aurrean, nekazaritzako praktikak egokitu behar ditugula. Horretarako, kontuan hartzeko estrategia batzuk honako hauek izan daitezke:

  • Kontrol biologikoa indartzea, hau da, intsektu harrapariak, txoriak, saguzarrak eta beste izaki onuragarriak babestea.
  • Nekazaritza ekologikoa bultzatzea, pestiziden erabilera murriztuz eta lurzorua modu naturalean zainduz.
  • Biodibertsitatea errespetatzea, espezie guztien arteko elkarrekintza kontuan hartuta.

Ekosistemen oreka mantentzea gure esku dago. Orain da momentua ingurumenarekin adiskidetasunezko nekazaritza bultzatzeko eta naturaren oreka babesteko.