Udaberria bertan dugun honetan, eguzkiaren berotasuna sumatzen hasi gara eta paisaia koloreztatzen ari zaizkigu: sahatsak, sagarrondoak eta elorriak loratu dira, basoetan nartziso eta jazintoak agertu zaizkigu, eta loreek kolorez blaitzen dituzte belardi berdeak. Hala ere, askorentzat udaberriak badu alde ilun bat ere. Bazterrak horituz airean dantzan dabilen polenak erreakzio alergikoak eragiten ditu, eta milioika lagunek pairatzen dituzte haren ondorioak urtero. Alergien artean ohikoenetarikoa da hau, eta askotan eguneroko bizitzan eragin dezake.
Polena landare loredunek sortzen duten hautsa da. Ugalketarako funtsezkoa dute, lore batetik bestera garraiatzen baita ernalketa ahalbidetzeko. Haizearen (anemofilia) eta intsektuen (entomofilia) bidez garraiatu daiteke. Aireko polena gure arnasbideetara irits daiteke. Gehienentzat ez da arazoa, baina pertsona alergikoen sistema immunologikoak polena mehatxu modura hartzen du, eta horrek erantzun immunologiko bat pizten du gorputzean.
Sistema immunologikoak substantzia polenaren erasoaren aurka histamina askatzen du. Honek, sintoma ezagunak eragiten ditu: doministikuak, sudur jarioa, sudur itxia edo begien azkura. Kasu askotan, begiak gorritu eta malkoak agertzen dira. Batzuetan eztula edo eztarriko narritadura ere gerta daitezke.
Polenaren presentzia urtean zehar aldatuz doa. Landare mota bakoitzak bere garaian askatzen du polena eta, horregatik, alergia sintomak sasoi jakin batzuetan areagotzen dira. Oro har, udaberriaren hasieran zuhaitzek sortzen dute polen gehiena. Udaberri amaieran eta udan, aldiz, belarrek hartzen dute protagonismoa, eta udazken hasieran sastraka edo belar txiki batzuek askatzen dute polena. Bestalde, egun lehor eta haizetsuetan polen gehiago pilatzen da airean, eta sintomak areagotu daitezke.
Azken urteotan, ikerketa askok adierazi dute polenari alergia dioten pertsonen kopurua handitzen ari dela. Hazkunde hau, ordea, ez da kasualitatea. Adituen ustez, faktore askok dute eragina, besteak beste kutsadura atmosferikoak eta klima aldaketak. Tenperatura epelagoek eta negu laburragoek landareen polinizazio garaia luzatu dezakete, eta horrek polen gehiago egotea eragin dezake airean. Faktore hauek elkarrekin lotuta daude, eta alergikoentzat "ekaitz perfektu" bat sortzen dute.
Batetik, klima aldaketak polinizazio garai luzeagoak izatea eragiten du. Izan ere, berotze globalak zuzeneko eragina du landareen ziklo biologikoan. Tenperatura altuek landareak neguko loalditik lehenago esnatzea eragiten dute, eta neguaren hasieraren atzerapenak, gainera, loreen polinizazio aldia udazkeneraino luzatu dezakete. Ondorioz, pertsona alergikoek urtean zehar hilabete gehiagotan jasan behar dituzte sintomak.
Bestetik, kutsadura atmosferikoak polena erasokorrago bilakatzen du. Hirietako kutsadurak, batez ere diesel ibilgailuek botatako partikulek eta karbono dioxidoak, polenaren ekoizpenean eta egituran eragin zuzena dute. Landareek fotosintesia egiteko behar dute karbono dioxidoa. Atmosferan gas honen kontzentrazioa handiagoa denez, landareak hazkunde azkarragoa dute eta indartsuago hazten dira. Horren ondorio zuzena da lore gehiago eta, beraz, polen kopuru handiagoa sortzen dute. Horrez gain, kutsatzaile hauek polen alea "estresatzen" dute, eta landareak defentsarako proteina gehiago ekoiztea ekarriz. Horrekin batera, kutsadura partikulak polenari lotzen zaizkio, arnasbideetan sakonago sartzea baimenduz eta, hartara, alergia erantzuna indartuz.
Azkenik, hiriguneetan askotan landare espezie berdinak masiboki landatzen dira (hala nola, platanondoak). Bioaniztasun faltak eremu txiki batean polen mota jakin baten kontzentrazio oso altuak eragiten ditu.
Hortaz, ingurumen aldaketa hauek gure sistema immunologikoa mugaraino eramaten ari dira, lehen arazorik ez zuten pertsonengan ere erantzun alergikoak sortuz eta osasun publikoko erronka berri bat bilakatuz.