Irailaren 1ean, Europar Batasunak azazkalak margotzeko esmalteak eta gelak prestatzeko erabiltzen diren bi konposatu kimikoren erabilera eta salmenta debekatu zituen. Ikerketa-zientifikoen arabera, konposatu hauek (TPO eta DMTA) osasunarentzat kaltegarriak izan daitezke, batez ere maneiatzen dituzten profesionalentzat edo oso maiz erabiltzen dituzten pertsonentzat. Hortaz, aurrerantzean manikura-produktuek ez dituzte konposatu kimiko horiek izan beharko. Debekuak, oihartzuna izan zuen komunikabideetan, ziurrenik produktu horiek duten erabilera zabalagatik, baina horrelako erregulazioak uste baino ohikoagoak dira.
Konposatu kimikoen debekuen eta murrizketen helburu nagusia gizakien osasuna eta ingurumena babestea da, osasunerako eta ingurumenerako arriskutsuak diren substantziek sortzen dituzten kalteak ezabatuz edo mugatuz. Azkeneko hamarkadetan, nazioarteko erakundeek izaki bizidunen hormonen erregulazioan aldaketak sortzen dituzten konposatu kimikoetan jarri dute arreta.
1950-1970 hamarkadetan, ingurumenean zeuden zenbait kutsatzailek animalien ugalketan arazoak sortzen zituztela frogatu zen. Esate baterako, pestizida batzuen neurrigabeko erabileraren ondorioz antzeman ziren hegazti harraparien populazioen murrizketa edo hainbat arrainetan eta anfibioetan sexu-garapen arazoak. Hurrengo hamarkadetan, ikerketa-zientifikoek beste kutsatzaile batzuk ere, PCB eta ftalato batzuek, antzeko ondorioak sortzen zituztela frogatu zuten. 1991 urtean, sistema endokrinoan (hormonak jariatzen dituzten organoak eta ehunak) aldaketak sor ditzaketen konposatu kimiko horiei “disruptore endokrino” deitzea adostu zen.
Disruptore endokrinoek izaki bizidunen funtzio hormonal arrunta alda dezakete, hormonen eragin naturala imitatuz, blokeatuz edo oztopatuz. Ugalketaren murrizketa edo metabolismoan aldaketak sor ditzakete hegaztietan, arrainetan, ugaztunetan eta bestelakoetan, eta ekosistemaren biodibertsitatea aldatzera hel daitezke. Gizakiotan, substantzia hauekiko esposizio luzeek, urteetakoa alegia, ugalkortasun arazoak, obesitatea, diabetesa edo garapen neurologikoan aldaketak eragin ditzakete.
Konposatu kimiko horiek egunero erabiltzen diren produktuetan egon daitezke, hala nola plastikoetan, kosmetikoetan, zainketa pertsonaleko produktuetan edo hainbat pestizidekin tratatutako elikagaietan. Horiekiko kontaktua erabat ezabatzea ezinezkoa bada ere, gure eguneroko ohitura batzuk aldatuz murriztu daiteke: elikagaietarako eta edarietarako beirazko edo altzairuzko ontziak erabiltzea eta, batez ere, janaria plastikozko ontzietan ez berotzea, parabenorik gabeko kosmetikoak eta zainketa pertsonaleko produktuak erabiltzea, edo elikagai freskoak kontsumitzea ultraprozesatuen eta lataratuen ordez.
Komunitate zientifikoan disruptore endokrinoen arriskuarekiko ardura handia da eta ikerketa ugari garatzen ari dira munduan. Beraien ondorioak urte askoren ondoren ager daitezkeenez, batzuetan zaila izaten da kausa-ondorio erlazio zuzena ezartzea. Halere, nazioarteko erakundeek konposatu susmagarrien zerrendak argitaratu eta etengabe eguneratzen dituzte, eta arriskua frogatzen denean erabilera arautzen dute. Adibide gisa, irakurleak agian gogoratuko du 2011 urtean Europar Batasunak jaioberrien biberoiak ekoizteko erabiltzen diren plastikoetan bisfenola-A debekatu zuela, edo 2014 urtean kosmetikoetan hainbat parabenoren erabilera murriztu zuela.
Konposatu kimiko horien kontrola osasun publikorako eta ingurumenerako premiazko erronka da. Haien presentzia hain da hedatua, non zientziak eta legediak elkarrekin lan egin behar duten arriskuak ebaluatzeko, erabilera arautzeko eta alternatiba seguruak sustatzeko. Berri ona da arazo horri buruzko kontzientzia handitzen ari dela, eta banakako ekintza bakoitzak, txikia badirudi ere, ingurune osasuntsuago bat lortzen laguntzen duela.