kolaborazioa

Test azkarrak: analisiak etxean

Erabiltzailearen aurpegia Nora Unceta Zaballa 2026ko otsailaren 2a

Gripearen epidemia bereziki gogorra izan da negu honetan. Covid-19aren pandemiaz geroztik, gripearen eta beste hainbat birusen diagnostiko metodoak nabarmen aldatu dira eta gero eta ohikoagoa da osasun-etxera joan aurretik test azkar bat egitea etxean.

Test azkar horiei arreta puntuko diagnostiko gailuak edo POC (Point-of-care, ingelesezko siglengatik) gailuak deritze. Gailu horiek pazientea dagoen lekuan proba diagnostikoak egiteko eta emaitzak azkar lortzeko aukera ematen dute, diagnostikoa atzeratuko duen laborategi batera laginak bidali gabe. Covid-19 edo gripeaz haratago, erabilera ugari dituzte, hala nola gaixotasun infekziosoen diagnostikoan (HIESAren eragilea den giza immunoeskasiaren birusa, malaria edo gernu infekzioak), gaixotasun kronikoen kontrolean (glukosa, kolesterola edo odolaren koagulazioa) eta larrialdi egoeretan (bihotzekoetan edo sepsietan) non diagnostiko azkarra hil ala bizikoa izan daitekeen. 

POC gailuak teknologia desberdinetan oinarritu daitezke. Covid-19 edo gripearen testak, esate baterako, antigeno baten eta antigorputz baten arteko lotura espezifikoan oinarritzen dira. Antigenoa gorputzarentzat arrotza den substantzia bat da (birusa, bakterioa, konposatu kimikoak, polena, etab.) eta horren aurka, gure gorputzak antigenoa espezifikoki ezagutzen duten antigorputzak sortzen ditu. Antigeno eta antigorputzaren arteko lotura, sarraila baten eta bere giltzaren arteko loturarekin parekatu daiteke. Test horietan laginak (listua, gernua) kapilaritate bidez euskarri solido bat zeharkatzen du. Bertan detektatu nahi den antigenoarekiko espezifikoa den antigorputz bat aurkituko da. Laginean detektatu nahi den antigenoa badago, honek antigorputzarekin erreakzionatuko du. Ondoren, bigarren antigorputz espezifiko batzuei lotu eta marra bat agertuko da, emaitza positiboa dela adierazten duena. Haurduntza testek oinarri bera dute, eta horietan haurdunaldian sortu eta gernutik kanporatzen den hormona (gonadotropina korionikoa) espezifikoki ezagutzen duten antigorputzak erabiltzen dira.

Gernuaren analisi azkarrerako erabiltzen diren tira erreaktiboekin, aldiz, parametro desberdinak analizatu daitezke (pH, glukosa, bilirrubina, leukozitoak, eta abar). Tira hauetan detektatu nahi den molekularen eta beste erreaktibo espezifiko baten artean erreakzio kimikoa bat gertatzen da. Erreakzio horren produktua koloredun konposatu bat izaten da. Tira erreaktiboaren kolore aldaketaren arabera ezagutu nahi den parametroaren maila jakin ahalko dugu. 

Oso ezaguna den beste gailu bat odoleko glukosa maila neurtzeko erabiltzen den glukometroa da. Gailu hauek glukosa eta entzima baten arteko erreakzioan oinarritzen dira. Entzimak glukosa oxidatu, elektroiak askatu eta sortzen den seinale elektrikoa glukosa kontzentrazioan bihurtzen da.

Hauek POC gailuen adibide batzuk besterik ez dira, eta gaur egun antzeko test azkarrak gaixoaren etxean, osasun zentro zein ospitaletan erabiltzen dira. Gainera, gero eta ohikoagoa da gailu horiek aplikazio mugikorrekin konektatuta egotea, eta emaitzak osasun arloko profesionalekin partekatzeko aukera ematen dute. Honek onura ugari ditu pazientearentzat, batez ere mugikortasun urria duten edo osasun etxeetara iristeko zailtasunak dituzten gaixoentzat. Baita baliabide mugatuak dituzten herrialdeetan, gailu horiek funtsezko tresna bihurtzen baitira osasun arreta bidezkoagoa bermatzeko.

Halere, test azkarren emaitzek sarritan laborategiko proben bidez berrestea edo jarraipen kliniko zehatzagoa behar izaten dute. Funtsezkoa da haren zehaztasuna, kalitatea eta erabilera zuzena bermatzea, emaitza okerrak erabaki kliniko desegokiak ekar baititzake.

Gaur egungo ikerketa asko gaixotasun neurodegeneratibo (Alzheimer, Parkinson, Esklerosi anizkoitza) eta onkologikoen detekzio azkarrera bideratzen dira, gaixotasunen markatzaileak izan daitezkeen molekulak bilatzen edo teknika berriak garatuz. Adimen artifizialaren erabilerarekin batera, etorkizunean gailu hauen garapenean aurrerapauso garrantzitsuak egongo direla aurreikus dezakegu.