Sumisio kimikoa erabiliz egiten diren delituek (bereziki sexu erasoak edo lapurretak) gorakada nabarmena izan dute azken urteotan. Farmako, droga edo beste edozein substantziaren bidez biktimaren gaitasun fisiko eta mentala murriztea da sumisio kimikoaren helburua. "Estasi likidoa" edo azido gamma-hidroxibutirikoa (GHB) da eraso horietan erabiltzen den substantzietako bat. Koloregabea eta zapore gutxikoa denez, edarietan oharkabean nahastea erraza da. GHBa "estasi likido" bezala ezagutzen den arren, ez du zerikusirik estasiarekin, anfetaminaren deribatu sintetikoa baita azken hau.
GHBa gure garunak sortzen duen GABA (azido gamma-aminobutirikoa) izeneko neurotransmisorearen analogoa da. Neurotransmisoreak neuronak elkarren artean edo beste zelula batzuekin komunikatzen dituzten substantzia kimikoak dira, eta erantzunaren arabera kitzikatzaileak edo inhibitzaileak izan daitezke. GABA neurotransmisore inhibitzaile nagusietako bat da nerbio-sistema zentralean. Hortaz, GHBa, GABAren antzekoa denez, garunaren funtzionamenduaren depresore gisa jarduten du, funtzio fisiologiko gehienak gutxituz edo blokeatuz. Azken aldian, sumisio kimiko kasuetan gamma-butirolaktona (GBL) izeneko beste substantzia baten erabilera areagotu dela egiaztatu da. GBLa gorputzean berehala GBHan bihurtzen da eta, ondorioz, efektu berdinak eragiten ditu.
Dosi baxuetan GHBak, erlaxazioa, euforia edo desinhibizioa sor ditzake, estasiaren antzera, eta horiek lortzeko asmoz aisialdian ere kontsumitzen da. Baina dosi handiagoek zorabioa, goragalea, logurea, oroimen-galera edo kontzientziaren galera ere sor dezakete. Efektu lasaigarriak edo euforia sortzen dituen dosiaren eta dosi arriskutsuaren arteko tartea oso txikia da; horregatik, dosia kantitate txikian igotzeak ondorio larriak sor ditzake. Gainera, GHBaren ondorioak areagotu egin daitezke nerbio-sistema zentraleko beste depresore batzuk aldi berean kontsumitzen badira, hala nola alkohola, benzodiazepinak edo opiazeoak.
GHBaren efektuak kontsumitu eta 10 edo 20 minutura nabaritzen dira, 60 eta 90 minutu artean irauten dute, eta 3 edo 4 ordutan guztiz desagertzen dira. Oso azkar metabolizatzen den substantzia da, eta bere erdi-bizitza odolean (droga-kantitatearen %50 desagertzeko behar den denbora) oso txikia da odoletik 8 ordutan desagertu egiten baita. Gernuaren bidez dosiaren %2 bakarrik kanporatzen da kontsumitu eta hurrengo 12 orduetan. Epe luzera, 2-3 astetik aurrera, batzutan ilean ere aurki daiteke. Gainera, odol eta gernu laginen kontserbazio balditzek (tenperatura, denbora) GHB mailak aldatzea eragin dezakete.
Horrez gain, GHBak beste droga batzuk ez duten berezitasuna du: gorputzak berak ere GHB kantitate txikia sortzen du GABA neurotransmisoretik abiatuta. Horrek zaildu egiten du kanpotik hartutakoa eta organismoak sortua den bereiztea. Horregatik, odol edo gernuaren analisi toxikologikoetan GHBa detektatzen denean, fisiologikoa edo kontsumitutakoa den baieztatzeko, gutxieneko kontzentrazio balio bat gainditu behar duela onartu da. Esate baterako, ustezko sumisio kimikoaren 6 orduen ostean odolean 5 mg/L edo gernuan 10 mg/L baino kontzentrazio altuagoak aurkitzen badira, pertsona horrek GHB kontsumitu duela esan liteke.
Azaldutako guztiak bi erronka nagusi agerian uzten ditu. Alde batetik, beharrezkoa da analisi-esparruan ikertzen jarraitzea, detekzio-metodoak hobetzeko, identifikazio-leihoak zabaltzeko eta emaitzen fidagarritasuna handitzeko, bereziki sumisio kimikoaren susmoa dagoen kasuetan. Bestetik, berebiziko garrantzia du odol edo gernu lagina lehenbailehen hartzea eta analizatzea GHB kontsumoa egon den baieztatzeko.
Azkenik, funtsezkoa da gogoratzea sumisio kimikoaren prebentzioa hezkuntzan, kontzientziazioan eta autoprotekzio-neurrietan oinarritzen dela: edaria beti begi-bistan edukitzea, ezezagunen edariak ez onartzea eta zorabioa, logura bortitza edo oroimen-hutsuneak agertuz gero, berehala laguntza eskatzea.